Bera Berak ezin izan du hirukoa lortu
Donostiako eskubaloi taldeak finaleko bigarren partida ere galdu du Telden, eta Kanaria Handia da txapelduna. Realeko neskek, berriz, denboraldia borobildu dute.
Bera Beraren eta Kanaria Handiaren arteko finaleko bigarren partida, Teldeko pistan.Bera Bera Bukatu da Bera Beraren denboraldia, eta ez espero moduan. Kopa eta Superkopa irabazi ostean, liga ere eskuratzea zuten helburu, baina Kanaria Handia hobea izan da finalean. Donostiako partida ez ezik, Teldekoa ere irabazi zuten atzo kanariarrek. Dena dela, bigarren norgehiagoka estuagoa izan zen, eta atsedenaldira bi goleko abantailarekin iritsi ziren donostiarrak. Bigarren zatia, ordea, oso bestelakoa izan zen, eta etxekoek markagailua irauli eta titulua erabakita utzi zuten. Atseden hartzeko unea da orain, datorren sasoiari begira jartzeko.
Futbolean, Realeko neskek garaipen bikain batekin borobildu zuten atzo liga eta denboraldia. Atletico Madril mendean hartu zuten Zubietan (2-0), hainbat jokalari agurtu zituzten egunean. Hain zuzen ere, taldea utziko duenetako batek, Lucia Pardok, egin zuen lehen gola. Beste behin ere, klubak aldagela nabarmen aldatu eta berrantolatuko duela dirudi. Izan ere, hiru txapelketa izango dituzte jokoan datorren sasoian: liga, Txapeldunen Liga eta kopa.
EMAITZAK
Eskubaloia
Emakumezkoen ligako finala, bigarren partida
- Kanaria Handia 26 – Bera Bera 23
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 30. jardunaldia
- Reala 2 – Atletico Madril 0

