Udalari «begirunea eta arreta» eskatzeko mobilizatuko dira herreratarrak
Herrerak dituen hamar "arazo eta gabezia" nagusiak jarri ditu mahai gainean Herripe auzo elkarteak. Horiek salatzeko eta irtenbideak eskatzeko, udaletxearen aurrean elkarretaratzera deitu dituzte herreratarrak.
Herrerako bizilagunen elkarretaratze bat, Herreran, 2024an.Beñat Parra Herripe auzo elkarteak deituta, Donostiako Udaletxearen aurrean elkarretaratuko dira Herrerako bizilagunak ostegunean (hilak 4), 19:30ean, Herreraren duintasunaren alde! lelopean. “Donostiako Udal Gobernuaren begirunea eta arreta eskatzen ditugu herreratarro,k pairatzen ari garen arazoei eta ditugun gabeziei irtenbidea emateko lehenbailehen, duintasunez bizitzea merezi dugulako”, nabarmendu du auzo elkarteak, zabaldu duen ohar baten bidez.
Auzoak dituen hamar arazo eta gabezia nagusiak jarri dituzte mahai gainean, eta, hain zuzen ere, horiek salatzera eta horientzako irtenbideak eskatzera joango dira ostegunean udaletxera. Lehenik eta behin Herrerak berroneratze prozesu bat behar duela aldarrikatu dute: “Lantegi asko itxi dira, baina orubeak baliatu ordez berrindustrializatzeko eta auzoa berroneratzeko, etxebizitzak eraikitzea besterik ez du proposatu udalak”. Horrekin lotuta, bigarrenik, ekipamendu falta salatu dute: “Gizarte arlokoak, osasun arlokoak eta kulturakoak, baita zerbitzuak ere, eta inguruetakoak urrutiegi daude”.
Hirugarrenik, eremu berdeen eskasia gaitzetsi dute: “Porlanezko eta zoladurazko paisaia da nagusi”. Laugarrenik, irisgarritasuna ekarri dute hizpidera: “Arazo handiak ditugu: trenbidepeko pasabidea, etxarte ugaritako eskailerak (bizilagun asko isolatuta geratzen ari dira), maldak eta abar”. Era berean, bosgarrenik, deitoratu dute udalaren administrazio banaketa ez datorrela bat “auzoaren identitatearekin”.
“Auzotarron bizitza okertu duten beste hainbat arazo”
Egiturazko bost arazo horiez gain, herreratarren “bizitza okertu” duten beste bost arazo zehatz jarri dituzte mahai gainean. Lehena, Jolastokietako “gehiegikeria urbanistikoa”, udalak Zardoya-Otis eremu degradatuan egin nahi duena: “Udalak 456 etxebizitza eraiki nahi ditu. Dagoeneko asea dagoen eremua izanik, kopuru neurrigabea da. Udal gobernuak lantegien jabeekin adostu zuen etxebizitza kopurua bikoiztea da. Eragin kaltegarriak: eraikin garaiegiak, trafikoa ugaritu, inguruarekiko lotura ezegokia, Oxigraf eraikinak ez du kultur erabilera izango… Egitasmoko eremu berdeak auzoari ostu eta Erregenean (zazpi kilometrora) ezarri nahi ditu. Egitasmoari zuzenketak aurkeztu arren, udalak oraindik ez du auzotarrokin hitz egiteko asmorik adierazi; are, alkateak esan du bere horretan egingo dela”.
Zardoya-Otis eremuan, hain zuzen ere, kale egoeran dauden hamarnaka pertsona bizi dira, oso egoera txarrean, eta hori ere mahai gainean jarri dute Herrerakoek: “Duela bi urtetik, hamarnaka pertsona etxegabe bizi dira lantegi horietan, kale gorria saihestu eta toki hoberik topatu ezinean. Onargarriak ez diren baldintzetan “bizi” dira, argirik eta urik gabe, arratoien eta zaborren
artean (bildu zuten, baina bilketako udal kamioia ez zen agertu). Ezinegona eta sumindura handiak dira auzotarron artean, arazo ugari sortu baitira, eta segurtasun gabezia nabari baita. Bizikidetza berreskuratu nahi dugu”. Horrela, gaineratu dutenez, “udal gobernuak du egoera makur eta bidegabe honen ardura, utzi egin baitie lantegien jabeei eremua eta egoera hondatzen. Ez ote du egin etsipena zabaltzeko auzotarron artean, eta egitasmoa bere horretan onar dezagun?”.
Zortzigarrenik, berriki hustu duten Oxigraf pabiloiaren egoera ere salatu dute: “Oxigraf lantegiko uralitazko (amiantoa) teilatua hondatzen ari da, baina udalak ez ditu jabeak behartzen hori kendu eta garbitzera”.
Azkenik, auzoko bi zerbitzu garrantzitsuren matxura luzeak salatu dituzte. Alde batetik, “tren geltoki berrituko igogailu berriak hondatuta jarraitzen du hamasei hilabete eta gero, udaleko eta
trenbideetako arduradunen utzikeria nabarmena medio”, nabarmendu dute. Bestetik, “Herrerako begiratokiko komun publiko berria ere matxuratuta dago aspalditik, baina ez dirudi udal
arduradunei axola dienik”, salatu dute.
“Utzikeria nabarmena”
“Horiek guztiek erakusten dute Donostiako Udal Gobernuaren utzikeria nabarmena eta begirune eza Herrerarekiko eta bere auzokideekiko”, kritikatu du Herripek, baita gogorarazi ere urteotan “sarritan” jakinarazi izan dizkiola udalari “arazo eta gabezia horiek, baita proposamenak egin ere etengabe, irtenbideak topatzeko”: “Udalak, ordea, auzotarron hitza gutxietsi egin izan du gehiegitan”.
“Donostiako Udalari dagokio, udal gobernua buru, pairatzen ari garen bazterkeriazko egoera honi irtenbideak proposatzea, lehenbailehen, eta auzokideekin aztertzea, inposiziorik gabe. Begirunea eskatzen dugu, ez da inolako apetarik”, gaineratu dute.


