Udalbatzaren gehiengoari «kasu egin», eta Infernuan alokairuzko etxebizitza tasatuak eraikitzeko eskatu dio EH Bilduk alkateari
Ibaetako Infernua auzuneko lanen artxiboko irudia.EH Bildu Donostiako Udaleko azken udalbatzarrean, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Donostia Ibaetako Infernua eremuan alokairu erregimeneko etxebizitza tasatuak egitearen alde agertu ziren. Hau da, udalbatzaren gehiengoa agertu zen horren alde. Hori dela eta, EH Bilduk, ohar baten bidez, Jon Insausti alkateari eskatu dio “argitu dezala osoko bilkuraren gehiengoari kasu egingo ote dion, Infernuan alokairuko etxebizitza tasatuak eraikitzeko”. Izan ere, “EAJ buru duen gutxiengo batek norabide horretan doan edozein proposamen oztopatu baino ez du egiten”, EH Bilduren ustez.
Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak gogorarazi duenez, Infernuan “aukera bat sortu da, Etxegintzako eskatzaileen gehiengoari erantzuteko, udalari kostu ekonomikorik eragin gabe, gainera. Eta aukera bat izateaz gain, bideragarria ere bada, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza saileko arduradunak aukera hori badagoela adierazi eta defendatu baitu”. “Alokairu errentak berrikusteko aukera izatea proposatzen dugu; helburua, bizikidetza unitateen diru sarreretara egokitzea hauek aldaketaren bat izango balute”, gaineratu du EH Bilduk.
“Klase ertaina delakoaz alkateak egiten duen defentsa ez da halakoa”, gaineratu du oposizioko alderdiak. Ildo beretik, Burutaranek salatu duenez, “Etxegintzaren kontseiluaren baitan kalitatezko botoarekin eta, beraz, osoko bilkuraren gehiengoaren aurka hartutako erabaki honen bidez, sustatzaile pribatu bati utzi nahi zaio, gehienez ere lau milioi euroren truke, etxebizitza sozialak eraikitzeko, lurzorua transmitituz gainera, etxebizitza tasatuak prezio altuagoan saldu ahal izateko”.
“EAJk eta PPk ez dute inolako arrazoirik eman azaltzeko zergatik ez duten onuragarri ikusten babes ofizialeko etxebizitzak, sozialak zein tasatuak, eraikitzeko erabiliko den lurzorua administrazio publiko baten esku egotea”, kritikatu du EH Bilduk, baita nabarmendu ere “etxebizitza eskatzaileen benetako zerrendari erantzungo dion produktu bat” sortu behar dela: “Zerrenda horrek alokairua lehenetsi behar dugula esaten du. Eta horrek ez du esan nahi salmenta erregimeneko etxebizitza tasatua ere egon ezin daitekeenik, baina alokairu erregimenean ere egon behar du, eta alkateak ukatu egiten du hori”.

