Ricardo Darin nabarmenduko du 74. Donostiako Zinemaldiak
Ricardo Darin, Donostiako Zinemaldian.Donostiako Zinemaldia Ricardo Darin aktore, ekoizle eta zuzendaria izango da 74. Donostia Zinemaldiaren kartelaren protagonista. Irailaren 18tik 26ra bitartean izango da aurtengo edizioa. Argentinarrak presentzia handia izan du azken hogei urteotan Zinemaldian. Izan ere, 2017an Donostia Saria jaso zuen.
Gaur eguerdian aurkeztu dituzte 74. Zinemaldiko kartelak, Tabakaleran. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta haren lekua urtarrilean hartuko duen Maialen Belokik gidatu dute ekitaldia.
Zinemaldiari aurpegia jarriko dion bederatzigarren protagonista izango da Darin argentinarra. Aurretik, kartel ofizialean agertu dira Isabelle Huppert, Penelope Cruz, Willem Dafoe, Sigourney Weaver, Juliette Binoche, Javier Bardem, Cate Blanchett eta Marisa Paredes.
Wallijai estudio donostiarrak diseinatu du posterra, collage gisa, Sebastian Arpesella argazkilari eta musikari argentinarrak 2024an egindako erretratu bat oinarri hartuta.
Wallijaik gainerako sailetarako kartelak ere sortu ditu. Aurreko edizioan gaia genero zinematografikoen ingurukoa zen; oraingoan, berriz, leitmotiva zinemako lanbideak izan dira. Hala, Darinen irudia duen posterrak interpretazioa gogorarazten digu, eta gainerakoak hauekin lotuta daude: gidoigintza (New Directors), soinua (Horizontes Latinos), zuzendaritza (Zabaltegi-Tabakalera), muntaketa (Perlak), arte-zuzendaritza (Nest), makillajea (Culinary Zinema), efektu bereziak (Zinemira) eta ekoizpena (Made in Spain).
Kartel horiei Klasikoak ekimeneko hirurak gaineratuko zaizkie laster. Klasikoak markak hiru proposamen barne hartzen ditu 2024tik: atzera begirako klasikoa, aurten Jose Giovanni zinemagile, eleberrigile eta gidoilari frantsesari eskainia; Zinemaldiko Klasikoak saila, eta Euskadiko Filmategiaren zikloa, izen berekoa, urriaren eta abenduaren bitartean Bilbon, Donostian, Iruñean, Donibane Lohizunen eta Gasteizen egiten dena.
Darin, filmografia emankorra
Ricardo Darin (Buenos Aires, 1957) Latinoamerikako hala munduko zinematografiaren irudi ospetsu eta ezagunenetako bat da. Mende erdiko ibilbidean zehar ehun antzezlan inguru egin izan ditu Darinek, eta horiei esker, 40 sari baino gehiago irabazi ditu; egile-zinemaren eta publiko zabalari zuzenduriko zinemaren inguruko lanak tartekatu ditu aktore argentinarrak. Besteak beste, Adolfo Aristarain, Juan Jose Campanella, Fabian Bielinsky, Fernando Trueba, Pablo Trapero, Cesc Gay eta Santiago Mitre zuzendarien aginduetara egin du lan.
Darin bost urterekin hasi zen aktore lanetan –zehazki, telesailetan–, antzerkian eratu zuen bere ibilbidea eta La carpa del amor filmarekin (Julio Porter, 1979) egin zuen debuta zineman. Zinemaldiaren bederatzi ediziotan izan da. 2017an Donostia Saria jaso zuen bere ibilbide osoagatik eta La cordillera / The Summit(Santiago Mitre) filmaren emanaldi berezia aurkeztu zuen.



