A Fuego Negro taberna zenaren 20. urteurren festa egingo dute
"Tabernaren parte izan ziren langile, bezero, lagun eta familiako kide guztiekin batera ospatu nahi dugu", adierazi dute.
Edorta Lamo eta Amaia García de Albizu, festaren aurkezpenean. Pandemian itxi zuten Parte Zaharreko A Fuego Negro taberna, ostalaritzaz haragoko jarduera izan zuena. Hain zuzen ere, pandemiak galarazi zuen agurra behar den moduan ospatzea. Horregatik, igandean, hilaren 7an, A Fuego Negro tabernaren 20. urteurrena aprobetxatuko dute festa hura egiteko. Muka jatetxeko lehen solairuan izango da.
“Tabernaren parte izan ziren langile, bezero, lagun eta familiako kide guztiekin batera ospatu nahi dugu. Ia hamabost urteko ibilbidean, intentsitate handia eta jarduera paraleloak izan genituen, eta hori ikus-entzunezko batean islatu nahi dugu. Dagoeneko dokumental bat egiten ari gara Ulises Proustekin, eta urte amaieran estreinatuko dugu”, azaldu dute Edorta Lamok eta Amaia García de Albizuk.
Igandeko jaialdiari dagokionez, 13:00etatik 20:00etara izango da, sarrera librearekin. Tiketekin funtzionatuko du eta pertsona bakoitzeko sartzeko gutxieneko kontsumoa 12 eurokoa izango da.
Hainbat janari postu egongo dira, besteak beste, Olibak Vermuarekin, Black Rabak, Muskuilu Tigretoia edo Makcobe XL bertsioan. Azoka txiki bat ere egongo da, kamisetak edo laminak, kopak edo The Beltza haien bermuta. Dena beraien musika jartzaileek girotuta.
Festak Etxekalten jarraituko du gauean, eta Fonky Txef DJa arduratuko da musika jartzeaz, 00:00etatik 03:00etara.

