«Posible da Auditz Akular eremu naturala defendatzea eta etxebizitza babestuaren parkea handitzea»
EH Bilduko Ricardo Burutaran, Garbiñe Alkiza eta Juan Karlos Izagirre zinegotziak, Auditz Akular eremuan.EH Bildu Etxebizitza larrialdiaren testuinguruan, EH Bildurentzat “premiazkoa” da politika publikoetatik “formula aurrerakoiak eta ausartak sustatzea”. Horretarako, borondatea erakutsi du udal taldeak eredua aldatzeko.
“Indarrean dugun Etxebizitza Planean jasota dugunez, berresten dugu lau direla etxebizitza politika berrirako gakoak egoerari erantzun eraginkorra eman nahi bazaio: kanpora baino, barrura hazteko aukerak baliatu behar dira, lur gehiago ez okupatuz egin behar da, erabilera mistoak sustatu behar dira eta auzoen arteko oreka bilatu eta bermatu behar da”, azaldu dute.
Auzoen arteko oreka bermatzeko politiketan jarri nahi dute arreta. Juan Karlos Izagirre EH Bilduren bozeramaileak adierazi duenez, “lur gehiago okupatu gabe hazteko garaia da. Hiriguneek beren mugak dituzte, eta lekua utzi behar zaio naturari eta gune berdeei”. Haren ustez, orain arte indarrean egon den ereduak ez du auzoen arteko oreka bermatu, “eta ekuazio horretan auzo batzuk urbanistikoki oso kaltetuak suertatu dira eraikuntza asko egin delako arnasgunerik bermatu gabe. Horren adibidea da Altza”.
EH Bilduk dio Altzako plangintzan lehentasuna eman behar zaiola “akats historikoa” zuzentzeari, “beharrezko zerbitzu, ekipamendu eta jarduera ekonomikoez hornitu behar da, eta oraindik geratzen zaizkion berdeguneak errespetatu behar dira”. Horregatik, Auditz Akular eremu naturala izatearen aldekoa da udal taldea. “Gure ustez, Altzarako proposatutako garapenak orain arte garatu diren hirigintza politika okerretan baino ez du sakontzen. Gainera, eta honetan jarri nahi dugu azpimarra, proiektu honen aurrean alternatibak egon badaude. Horiek jarri nahi ditugu mahai gainean”, nabarmendu du Izagirrek.
Horiek horrela, Auditz Akular eremu natural izendatzea proposatzen dute, eta “edozein hirigintza garapen irisgarritasuna hobetzera eta eremu naturala duintzera baldintzatuz”. Bestalde, Martuteneko Antondegi eremua desklasifikatzea proposatzen dute, HAPOaren aurrerapenak gomendatzen duen moduan.
Alternatibak
Izagirreren hitzetan, Altzak jasandako neurriz kanpoko garapen urbanistikoak ezin du jarraitu, eta Auditz Akularrek bertakoentzat birika natural izaten jarraitu behar du. “Errespetatu beharreko eremua izan behar du. Auditz Akular balioan jarri behar dugu, naturarekiko sarbidea bermatuz. Erakargarriagoa, irisgarriagoa eta duinagoa izatea lortu behar dugu, bai Altzari eta baita Donostiari ere ekarpen bat egiteko”.
Eremu honetan aurreikusten diren etxebizitzak beste eremu batzuetan egin daitezkeela uste dute, eta egin daitezkeela babestu gehiago, baita beste modu batera ere: lur gehiago okupatu gabe. “Degradatuak dauden eremuei balioa eman behar zaie, bertan eraikiz, honek aldi berean bestelako sinergiak sortu ditzan. Eremuak biziberritzearekin batera, bigarren bizitza bat ematen zaie. Formula honek, eraikitako etxebizitzan esku hartzearekin batera, Donostian etxebizitza aukera berriak eta interesgarriak irekitzen ditu”, nabarmendu du Izagirrek.
EH Bilduk dio “alternatibaren norabidea” lur gehiago ez okupatzea dela, “eta dagoeneko aurreikusita dauden sustapenetan etxebizitza babestuaren kopuruak handitzean.” Besteak beste, Urumearen ibarrean, Loiolan, Eason eta Añorgan.
Epe ertainean, lurraren erabilera mistoaren bidez, Miramon eta Igara bezalako enpresa gune eta parke teknologikoetan etxebizitzak sustatzea proposatzen dute, 1.500 eraiki daitezkeela aurreikusten dutelako. Epe luzera, berriz, GI-20 errepidearen eraldaketari esker 60 hektarea lurzoru publiko berreskuratuko direla diote. “Han, modu orekatuan eta proportzionatuan, 2.500 eraikitzeko aukera dugu mahai gainean”.
Bestalde, kalifikazioaren formularen bidez, EH Bilduk dio dagoeneko eraikita dauden auzo eta guneetan 4.000 etxebizitza babestu lortu daitezkeela metro karratu bakar bat gehiago kontsumitu gabe, HAPOaren berrikuspenaren aurrerakinak berak jasotzen duenez. “Tresna honek ahalbidetzen du etxebizitza babestua eraikitzea ezinezkoa den auzoetan, adibidez, Grosen, Parte Zaharrean, Egian, Erdialdean edo Amaran”.
Horiek horrela, EH Bildurentzat “posible da Auditz Akular eremu naturala defendatzea eta etxebizitza babestuaren parkea handitzea”. Gainera, hiri ikuspegitik orekatuagoak izango direla diote.

