Buru osasunaren kaiola
'Corredora' filma. Filma: Corredora.
Zuzendaria: Laura Garcia Alonso.
Urtea: 2026.
Herrialdea: Herrialde Katalanak.
Seguruenik, denok izango dugu buruan Simone Biles gimnasta estatubatuarraren kasua. 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetatik erretiratu zen, han presente ziren guztiak (eta etxeko telebistan jarraitzen ari ginenak) zur eta lur utziz. Zama izugarria sentitzen zuela argudiatuz, burua blokeatuta zuela ohartaraziz, kirol munduko tabu zaurgarrienetakoa dena bistaratu zuen, erabaki mugarria bilakatuz. Ostean, beste hainbat profesionalen ahotsak, esperientziak entzun ditugu; elitean aritzeak zabaltzen eta larriagotzen dituen zauriak.
Horiek denak lehen lerrora ekarri ditu Laura Garcia Alonso zinemagile espainiarrak bere opera prima-n. Muturrera eramandako entrenamenduek, elikadura metodo zurrunek, loriaren presioak, baina batez ere, eta aipatutako eragile guztien gainetik, auto exijentzia itsuak ondorioztatutako agerraldi psikotikoa erakutsiko ditu Corredora-k. Ba al dute kirolariek (ba al dugu guk ere, gizarte kutsakor honetako bizilagunok) gelditzeko, pausa egiteko, eskubiderik? Benetan merezi al du egindako esfortzuak eta bidean baztertutako guztiak? Zer da arrakasta?
Galdera horiei erantzuna ematen saiatuko da filma, eta horretarako, epika eta heroismoa baztertuko ditu; aldiz, infernuetara jaitsiera bortitza jasango duen protagonistaren istorioa ekarriz. Jaitsiera, gainera, mentala bezain fisikoa izango da. Errendimendu Handiko Zentro batean egoiliar den Crisek (Alba Saez) bizi erritmoa birdefinitu beharko du (goi mailako lehiaketatik urrundu beharko du) Espainiako txapelketa prestatzen ari dela burua galdu eta bere gelako balkoitik salto egitean. Metafora argia da: kaiola batean bizi da, eta ezinbestean ihes egin nahi du. Zinemagilearen kamerak geldi eta adi begiratuko dio, distantzia hartuz, pairatzen ari den desoreka mentalak arrastoa utziko baitu ikus-entzuleengan. Gordina da sekuentzia, kirolariek bizi duten egoeraren parekoa.
Beldurrezko film baten aurrean gaudela dirudi, eta agertuko da, halakoetan maiz gertatu legez, espiralaren ideia bisuala: barne munduaren irudikapena da atletismoko pista bera. Bueltak eta bueltak emango ditu Crisek bertan, bakardadean, eta horietako bakoitza galbidera daraman bira berri bat da. Hor kanpoan txoriak kantari daude; norbere baitan iluntasuna, atsekabea, zelatari.
Asmo onez landutako gidoia dakar Corredora-k, eta aipatu bezala, baditu zenbait puntu interesgarri; beharbada, sakonago irits zitekeela uste genezake, baina filmari aitor dakiokegu duen balio soziala. Publiko orokorrarengana iristeko eta auzitan jarriko duen errealitate ezkutua azaleratzeko gaitasuna dauka, eztabaida piztekoa, gizatiar garen heinean emozionalki kontzientzia hartzekoa.

