Historia gogoratzeko sortua; laster, ahaztua
Hiriaren berreraikitzetik ehun urte igaro zirenean, Alderdi Ederreko lorategian 'Mendeurreneko Monumentua' eraikitzea erabaki zuen herritar batzorde batek. Emaitza, ordea, ez zen donostiarren atseginekoa izan.
'Mendeurreneko Monumentua', Alderdi Ederreko lorategian. Mayor Hermanos Hiriaren sutea, sarraskia eta berreraikitzea ezaguna da donostiarren artean, eta urtero gogoratzen dute abuztuaren 31n egindako ekitaldi oroigarriekin. Mendeurrenaren plazak gogoratzen du hiria noraino heltzen zen ezbehar hura gertatu eta ehun urtera, eta herritar gehienek badakite lekua kokatzen. Zailagoa da, ordea, Mendeurrenaren Monumentuarekin gauza bera egitea. Ez saiatu mapan aurkitzen, dozenaka urte dira bere horretan desagertu zela —nolabait presente jarraitzen baitu, ikusiko duzun moduan—, eta harekin existitu izanaren oroitzapena bera ere. Hau da 1913an altxa eta 1924an kendu zuten monumentu ez oso ezagunaren historia.
Ia hutsetik, Fenix hegaztiaren moduan, hiria (ber)eraiki izana ospatu beharrekoa zela sinetsita, 1908an, data horren harira antolatuko ziren jarduera guztiak koordinatzeko, hiriko jende ezagunak osatutako Mendeurreneko Batzordea eratu zuten. Bertan erabaki zuten aipatu oroigarria eraikitzea. Asmoa pasarte historiko hori gogoratzea, mendeurrena ospatzea eta aurreko belaunaldiei aitortza ere egitea bazen.
‘Zubieta‘ proiektua
Hala jaso zuten 1912an argitaratutako hamalau puntuko oinarrietan. Beste betekizunetako bat, Maria Kristina erreginaren irudia gehitzea zen, hiriarekin zuen lotura mantendu nahian, nahiz eta berak ez egiteko eskatu. Obraren gutxieneko kostua 150.000 pezeta izan behar zuen eta material nobleaz egina. Urte amaieran bukatu zen proiektuak aurkezteko epea, eta aurkeztutako lauetatik, Zubieta izenekoaren alde egin zuen batzordeak, 1913ko urtarrilaren 4an.
Gasteizko Modelatze eta Tailu Eskolako Javier Luque arkitekto sevillarra eta Julian Apraiz gasteiztarra izan ziren lehiaketako irabazleak Juan Pique eskultore katalanarekin batera aurkeztutako proposamenagatik: 13,5 metroko altuera zuen monumentu bat, hiriko txoko askotatik ikusgai izan zedin.
Donostiaren birsortzea irudikatzen zuen: hondamenditik Zubietako Batzarrera, hiruki itxurako oinarri baten gainean jarritako erliebeetan. Hiri berria, aldiz, kapitelean Easo Ederrak gidatutako urrezko koadriga bat zuen zutabe handi batek. Haren inguruan, lau medailoi data esanguratsu banarekin, eta aurrealdean, Maria Kristina erreginaren brontzezko estatua, bi lehoirekin. Hori dena, beste apaingarri batzuekin.
Polemika, lagun
Urtarrila amaieran hasi ziren eraikitzen eta negu eta udaberrian aurrera eraman zituzten, eguraldiak txarrak eragindako zenbait arazo pairatuta. Alderdi Ederren jarri zuten, Peñaflorida kalearen amaieran, itsasoari begira. Abuztuaren 1erako amaituta behar zuen, eta hala izan zen; azkar eraiki izanaren ondorioz, baina, zati guztiak ez zeuden erabat amaituta. Esaterako, Zubietako batzarraren errepresentazioa igeltsuarekin egin zuten, eta 1913ko abenduan adostu zuten marmolez berregitea. Edonola, irailaren 1ean egin zuten inaugurazioa, eta bertan izan ziren Alfontso XIII.a erregea eta Viktoria Eugenia erregina, agintari politikoak, elizakoak eta militarrak.
Hamaika urteren ondoren, monumentua zatikatu, eta haren zenbait elementu hiriko beste leku batzuetan jarri zituzten
Ez zuen harrera onik izan herritarren artean. 1921ean eraso bandaliko bat pairatu zuen eta 1922an udala estatua moldatzea eztabaidatzen hasi zen. Horrek ere kontrako iritziak jaso zituen, ordea. Joaquin Pavia eta Tomas Birmingham buru zituen herritar talde bat hura botatzearen aurka agertu zen. Argudiatu zutenez, eraikuntza kostuaren zati handi bat udalak bere gain hartu bazuen ere. Handik aurrera, hainbatetan eztabaidatu zuten udal saioetan estatuaren etorkizuna, 1924ko urtarrilaren 31ra arte. Orduan, Alderdi Ederreko lorategiaren moldaketaren testuinguruan, kentzearen alde egin zuten udal agintariek.
Bota bazuten ere, arestian esan bezala, ez zen erabat desagertu. Izan ere, zatikatu eta aprobetxagarriak ziren elementuak hiriko beste toki batzuetan jartzea erabaki zuen zinegotzi talde batek, Antonio Vega de Seoane alkateak berretsita, polemika handia eraginez.
Han eta hemen
Otsailaren 6an hasi ziren desmuntatzen eta bederatzi egun geroago erreginaren estatua kenduta zegoen. Hasieran, udalak Plaza Berrira eraman eta haren erdigunean jartzea pentsatu zuen, baina, gerora, Antiguako merkatari eta bizilagunek Ondarretako lorategian jartzeko eskatu zuten. Hala egin zuten, baina 1942an oso kaltetua zegoenez, Jose Diaz Buenok egun ikusgai dagoen erreplika egin zuen brontze bera baliatuta.
Zubietako batzarraren erliebea, berriz, San Bizente elizako fatxadan egon zen, lehenik, eta Urgull mendiko zabalgunean, ondoren. 1996an, Aitor Mendizabalek Irun plazarako egindako Ateak eskulturan baliatu zuen. Soldadu taldea eta arranoa, Ingelesen Hilerrira eraman zituzten 1924ko irailean, eta ordutik, bertan daude, nahiz eta landarediak estalita izan.
Edonola, piezetako batzuekin zer gertatu zen ez dago oso argi. Hala, urrezko koadriga Norteko geltokiko pasarelan jarri zuten. Egun, ez dago bertan, baina non dagoen ere ez da jakina. Handik gertu, Euskadi plazan, Santa Katalina zubiaren hasieran jarri zituzten lehoiak. Ez ziren luze egon. Ustez, 1936ko gerran urtu egin baitzituzten, munizioa egiteko.

