Goiz dotore eta jantzi bat, Miramar Jauregian
Atzo egin zuten laugarren Kapelaren Ibilbidea.Asier Gonzalez de San Pedro Kapelaren Ibilbideak arrakasta handiz borobildu du bere laugarren edizioa; atzo goizean ehunka lagun bildu ziren Miramar Jauregiko lorategietan, kultura, tradizioa, artea, tokiko merkataritza eta auzoa uztartu dituen jardunaldi batean. Antolatzaileen hitzetan, publikoaren erantzuna itzela izan da, aurten ere.
Goizeko unerik hunkigarriena, diote, Josetxo Fuentesi egindako omenaldia izan zen: Donostiako Inauterien bultzatzaile, Donostiako Martxaren koreografiaren sortzaile eta Eskola Dantza Taldearen zuzendari izan baita hamarkadetan zehar.
Omenaldiaren ostean, gainera, Txapelarte 2026 egitasmo artistikoa aurkeztu zuten. Ekimen horrek euskal txapela ikuspegi garaikide batetik berrinterpretatzera gonbidatzen ditu sortzaileak.
Musika, sariak eta auzoa
12:00etan abiatu zen ibilbidea Miramarretik San Martin auzoraino, Kontxako pasealekuan zehar. Urtero bezala, Mac Jeara’s Band taldeak jarri zion jai giroa eta musika bideari. Hamarnaka lagunek parte hartu zuten txapel, kapela, buruko apaingarri eta egun honetarako berariaz sortutako piezak jantzita.
Behin San Martin auzora iritsita, Kapelen Lehiaketako sari banaketa egin zuten. Hauek izan dira aurtengo saridunak: Aurtengo saridunak honako hauek izan dira:
- Dotoreenaren saria: Mariana Arruabarrena
- Originalenaren saria: Marta Ortega
- Taldeko saria: Otis Barcos de Papel
- Gazteenaren saria: Nora Egaña
- Nortasuna saria: Javier Ibañez
- Jasangarritasunaren saria: Miren Josué
Ekitaldiari amaiera emateko, parte-hartzaileek Pintxo Txapela Ibilbideaz gozatu ahal izan zuten hiriko zenbait establezimendutan. Arratsaldean zehar programazioak aurrera egin zuen, Donosti Lindy Hop taldearen dantza sozialarekin eta Radio Rebelde taldearen kontzertuarekin.
Hona hemen Asier Gonzalez de San Pedroren argazkiak:

