Pio Baroja eta Begiristain Doktorea pasealekuen espaloiak eta irisgarritasuna hobetzeko lanak amaitu ditu udalak
Oinezkoen bideak hobetu dituzte Pio Baroja pasealekuan. Donostiako Udala Udalak Pio Baroja eta Begiristain Doktorearen pasealekuetan hiria hobetzeko bi esku hartze burutu ditu, denboraren poderioz hondatutako espaloiak berritu, oinezkoentzako irisgarritasuna hobetu eta bide segurtasuna indartzeko, bizilagunek , garraio publikoaren erabiltzaileek, pazienteek eta langileek bereziki erabiltzen dituzten bi inguruetan. Guztira, 118.649,17 euroko inbertsioa egin dute.
Pio Baroja pasealekua, 7 eta 15. zenbakien arteko zenbait zatitan jardun dute, zuhaitzek eragindako gutxi gorabehera 80 metro linealeko espaloi zoladura berritu dute, oinezkoen joan-etorrien erosotasuna eta segurtasuna hobetzeko. Halaber, eremu berriak sortu dituzte zuhaitzak garatzen laguntzeko, hiri zerbitzuak berritzeko eta oinezkoentzako pasabide bat eraiki eta espaloia handitzeko. Egindako inbertsioa 51.475 eurokoa izan da eta hiru hilabetetan gauzatu dute.
Begiristain Doktorearen pasealekuan, berriz, Donostia Ospitalearen inguruan, 200 metroko espaloi zati bat osorik berritu dute, eta oso hondatuta dagoen zoladuraren ordez, beste irtenbide bat jarri du, irisgarriagoa, erresistenteagoa eta ingurunearekin integratuagoa. Lanak faseka egin dituzte, une oro ospitalerako sarbidea bermatzeko eta oinezkoen zirkulazioari eta garraio publikoari ahalik eta kalte gutxien eragiteko. Gainera, galtzadaren ondoko zintarriak eta lorategiak ere berritu dituzte, eta ibilgailuen sarbideak sendotu dituzte egitura oinarri berri baten eta erresistentzia handiagoko lauza armatu baten bidez. Egindako inbertsioa 67.174,17 eurokoa izan da eta bi hilabetetan gauzatu dute.
Udalak antzeko jarduerak garatzen jarraituko du hiriko hainbat auzotan, espazio publikoa kontserbatzeko eta hobetzeko programaren barruan, herritar guztientzako irisgarriagoa, seguruagoa eta atseginagoa den hiri baterantz aurrera egiten jarraitzeko. Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Iñigo Garciak horrelako esku hartzeen garrantzia nabarmendu du, “Gure kaleak eta espaloiak mantentzea eta hobetzea hiri irisgarriago, seguruago eta zainduago baten aldeko apustua da. Esku-hartze bakoitzaren atzean egunero espazio horietan ibiltzen diren pertsonak daude: adineko pertsonak, familiak, pazienteak, langileak eta hiri-ingurune erosoa, segurua eta kalitatezkoa merezi duten bizilagunak”, adierazi du.

