Uliako Mintegien Parkeak hamar urteko auzolana ospatuko du, egun osoko festa batekin
Uliako Lore Baratzak. Duela hamar urtetik, Uliako mintegien parkea auzolanean kudeatzen da, Uliako Lore Baratzak ingurumen elkartearen eskutik. Ehuneko ehunean boluntarioa den lan horri esker, kideak asteartero aritzen dira baratzean eta parkeko belardiak txukun mantentzen. Horrez gain, bi hilean behin auzolan deialdi irekia egiten dute mantenu lan handiagoak egiteko, hala nola zuhaixken kimaketa, zabor bilketa eta konponketak.
Urte osoko lan hori guztia ospatzeko, proiektua herritarrei ezagutarazteko eta udari ongietorria egiteko, egun osoko festa antolatu dute datorren hilaren 21erako.
Egitarau zabala
Festarako prestatu duten egitarauak adin eta gustu guztietarako ekintzak bilduko ditu goizetik ilunera: yoga eta dantza kontziente saioak, haurrentzako jolasak eta musika emanaldiak egongo dira.
Egun osoan zehar, parkean bertan bisita gidatuak egingo dituzte, proiektuaren hamar urteko ibilbidea jasotzen duen dokumentala proiektatuko dute eta artisten txokoa ere egongo da ikusgai, besteak beste.

