Auzoaren izaera eta bizitasuna erakutsiko ditu Zaharrean Festak
Parte Zaharreko ostalari eta merkatari elkarteak antolatuta, Zaharrean Festa ospatuko dute gaur eta bihar. Prestatutako egitarauaren bidez, auzoaren «benetako izaera» ezagutaraziko dute, laugarrenez.
2025eko festaren aurkezpeneko irudia.Zaharrean elkartea Kirola, kultura, merkataritza eta auzo bizitza uztartzen dituen topagunea da Zaharrean Festa, donostiarrak Parte Zaharra beste begirada batekin ezagutzeko gonbita. Antolatzaileek auzoaren “benetako izaera” ikusarazi nahi dute, askotan turismoari lotutako irudiak estaltzen duen errealitatea agerian utziz: komunitate sendo eta aktiboa duela, turismoak herritarrak auzotik aldendu nahi dituela dioen ideia zalantzan jartzen duten bitartean. Horrenbestez, hiriko beste auzoetako familiak erakarri, eta bertan, “etxean bezala senti daitezen” lortu nahi dute, “auzo bizia” dela jabetuta.
Horretarako, zenbait jarduera prestatu dituzte biharko, hilak 13, nahiz eta futbito txapelketako lehen partidak gaur bertan, hilak 12, jokatuko dituzten. Aurtengo berrikuntzetako bat, hain zuzen ere, txapelketa horri lotuta dago: mistoa izango da. Alegia, talde guztiak gizonezko eta emakumezko jokalariz osatu beharko dituzte, “kirola berdintasunerako eta elkarbizitzarako tresna ere badela aldarrikatuz”.
Halaber, emakumezkoen pala txapelketa ere gauzatuko dute, bigarrenez. Kirolaren eta tokiko merkataritzaren arteko lotura indartu eta auzoko negozioen inplikazioa ikusarazteko, babesle diren establezimenduen izenak jokalarien kamisetetan ageri dira.
Kirolaz harago, eguerdian, Zaharrean elkarteko hogei merkataritza establezimendutik igarotzen den ginkana egingo dute, hirugarrenez. Saltoki bakoitzean, negozioaren historiaren zati bat, pasadizo bereziren bat edo urtetan pilatutako bizipenak ezagutzeko aukera dute. Hala, merkatariak auzoaren memoria eta nortasunaren transmisore bilakatuko dira. Ginkana, gainera, txarangak lagunduko du.
Arratsaldean, aldiz, trikitilariak ibiliko dira kalez kale, Eskola dantza taldeko kideekin batera. Elkarrekin, auzoari “bizitasuna eta giro berezia” emango diote.


