Bera Berak Europako Ligako multzoen fasea jokatzeko maila duela dio EHFk
Bera Beraren eta Dijonen arteko partida, Europako Ligan.Bera Bera Kopa eta Superkopa irabazita, Bera Berak datorren denboraldia eta Europa ditu begiz jota. Liga irabazi ez arren, fase erregularreko txapeldunak izan ziren, eta, ondorioz, Europako Liga jokatuko dute 2026-2027ko denboraldian.
Europako Federazioak (EHF) txapelketan izena emateko informazioa helarazi die klubei, eta berritasun esanguratsu bat duela dio Donostiako eskubaloi taldeak. Federazioak Europako Ligan azken hiru sasoitan taldeek lorturiko emaitzak lehenetsiko ditu, federazio bakoitzaren rankingaren gainetik. Hori mesedegarria izango da Bera Berarentzat.
Hilaren 7an, Europako emakumezkoen eskubaloi kluben foroa egin zuten, Budapesten (Hungaria), eta Donostiako kluba han izan zen. Batzarrean, Berak Berak azken hiru denboralditan izandako ibilbidea adibide gisa jarri zuen EHFk, eta Europako Ligako multzoen fasea “erregularki” jokatzeko maila duela.
Horren aurrean, taldeak dagozkien errondetan kokatzeko modua aldatzeko asmoa agertu zuen. EHFk puntuazio sistema bat erabiliko luke, jokaturiko erronden eta irabazitako partiden arabera zehazteko kanporaketak eta multzoen fasea.
Bestalde, EHFk parte hartuko duten talde kopurua handitu nahi du. Hau da, 2027-2028ko sasoian hamaseitik 24ra pasatzea proposatu dute. Lau taldeko sei multzotan banatuko lirateke. Lehen biak final-zortzirenetarako sailkatuko dira —Txapeldunen ligako lau talde batuko lirateke hamaseiko kopurua osatzeko—, ondoren final-laurdenak jokatuko lirateke, eta zalantza dago lauko finala errepikatzeko edo finalerdiko eta finaleko sistemara itzulera bikoitzean itzultzeko.
Dena dela, datorren denboraldiko Europako Ligako sistema ez dute aldatuko, eta, beraz, Bera Berak kanporaketak jokatu beharko ditu Europako Ligako multzoen fasera sailkatzeko.

