Frankismoak errepresaliatutako emakumeak, argitara
Bihartik aurrera, Frankismoak errepresaliatutako emakumeak erakusketa ikusi ahal izango da Aiete Kultur Etxean —17:00etan inauguratuko dute—. Izenburuak dioen moduan, Gipuzkoako emakumeek diktadura frankistan jasandako errepresioari buruzkoa da. Emakume horien historia ez oso ezaguna argitzea du helburu. Besteak beste, kartzela, judizioz kanpoko exekuzioak, kanporatzeak, abusuak edo umiliazio publikoak izango ditu ardatz.
Horretarako, garai historiko hori testuinguruan kokatzen du. XX. mende osoa igarotzen duen garai nahasi horretan, emakumeek munduko hainbat lekutan, baita Euskal Herrian ere, eskubideak eta askatasunak lortzeko egindako borrokarekin. Gerren arteko garaian faxismoa sortu zen eta ideario totalitario eta kolpista baten azpian Espainiako II. Errepublikaren sistema demokratikoa deuseztatu zuten.
Konkistatutako eskubideak eta askatasunak ezabatu egin ziren diktaduran. Horrek emakumea mendetasun erregimenera mugatzen zuen bai eremu pribatuan, baita espazio publikoan ere. 1960ko hamarkadatik aurrera garai berriak iritsi ziren, frankismoari aurre egiteko prest zegoen belaunaldi berria, eta eskubideak eta askatasunak berreskuratzeko borrokan,e makumeak berriro ere lehen lerroan jarri ziren.
Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu du erakusketa Gipuzkoako Aldundiaren eta Donostia Kulturaren lankidetzarekin. Irailaren 6ra arte egongo da zabalik.

