Loiolako Erriberako auzo elkarteak Eusko Legebiltzarrera eraman ditu bere aldarrikapenak
Eusko Legebiltzarreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Hiri Agenda Batzordean parte hartu du Loiolako Erriberako auzo elkarteko Javier Santosek. Denis Itxaso sailburuak "enpatia" eskatu die auzotarrei.
Eusko Legebiltzarreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Hiri Agenda Batzordean parte hartu du Loiolako Erriberako auzo elkarteko Javier Santosek.Irekia Eusko Jaurlaritzak Loiolako Erriberan libre dauden azken lursailak zuzkidura bizitokiak eraikitzeko erabili nahi ditu, zerbitzuetarako aurreikusita bazeuden ere. Zehazki, 83 zuzkidura bizitoki eraiki nahi dituzte auzoaren sarreraren ondoan dagoen lursailean eta 200 Iesu elizaren ondokoan. Kopuru handiegiak direla eta auzoak zerbitzuak behar dituela iritzita, proiektu horien aurka agertu da azken hilabeteotan Loiolako Erriberako auzo elkartea, eta bere aldarrikapenak Eusko Legebiltzarreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Hiri Agenda Batzordera eraman zituen asteartean.
Hain zuzen ere, Javier Santos auzo elkarteko bozeramailean parte hartu zuen batzordean: “Ez gatoz pribilegioak eskatzera, auzoaren jatorrizko diseinuaren bigarren zatia betetzeko eskatzera gatoz: auzotarrei zerbitzuak eta gizarte bizitza ematen zizkiena”. Gogorarazi zuen, halaber, auzoak 6.000 biztanle inguru baditu ere, ez duela osasun zentrorik, haurtxokorik, gaztelekurik edo jubilatuen elkarterik.
Horregatik, zuzkidura bizitokien aurretik, halako zerbitzuen beharra analizatzea eta zerbitzu horiek martxan jartzea lehenesteko eskatzen ari da auzo elkartea. Horren harira, “ez gara klasistak”, gaineratu zuen Santosek batzordean.
“Enpatia”
Santosen hitzartzearen ostean, PPk batzordean bertan egindako galderei erantzunez, Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak Loiolako Erriberako bizilagunei erreferentzia egin zien, “ardura eta enpatia” eskatuz: “Etxebizitzaz ari garenean, komeni da jakitea gaur egun ahots gutxien dutenak emantzipatu ezin diren gazteak, bakarrik bizi diren adinekoak edo etxebizitza eskuragarririk aurkitzen ez dutenak direla. Horietako batzuk Loiolako Erriberako kide dira eta aukera bat merezi dute”, azaldu zuen sailburuak.

