Peiremans + bueltan da, eta Donostian bi emanaldi eskainiko dituzte
Peiremans + laukoteak Durangon eskaini zuen azken kontzertua, 2016an.EITB Hamar urtetik behin elkartzeko eta bueltatzeko ohitura berretsi du Peiremans + taldeak. Azken kontzertua eman zutenetik hamarkada bat pasatu denean, sare sozialen bidez iragarri dute abenduan zazpi emanaldi eskainiko dituztela. Horietako bi Donostian izango dira, abenduaren 26an eta 27an, Egiako Dabadaba aretoan —sarrerak bihar jarriko dira salgai—.
2005ean sortu zuten banda Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Imanol Ubeda (Bide Ertzean) eta Haritz Beristain (Kashbad) musikariek, eta laukotea Marino Goñik (Gor diskak, Balerdi Balerdi) osatu zuen. Izen bereko lan laburra argitaratu, kontzertu batzuk eman eta proiektua eten zuten. Aldiz, 2015ean bueltatu ziren, Bigarren saria izeneko bigarren lan laburra kaleratu, eta kontzertu batzuk eskainita agur esan zuten, berriz ere.
Laukotean donostiarrik ez badago ere, lotura zuzena du Donostiarekin. Izan ere, taldearen izena Frederic Peiremans Realeko jokalari ohiari zor diote. Plus hori tirita gisa ulertu behar da, lesio kronikoengatik erdilari belgikarrak ez zuelako partida ofizialik jokatu talde txuri-urdinarekin. Gerora, erretiroa hartu behar izan zuen.

