Ainoa Campo erdilaria fitxatu du Realak
Ainoa Campo jokalaria.Reala Realak 2026-2027ko denboraldiko emakumezkoen taldearen bigarren fitxaketa jakinarazi du. Ainoa Campo da, Palentziakoa eta 29 urte ditu. Espanyol utzita ekarri dute Donostiara, eta 2028-2029 denboraldi bukaerara arteko kontratua sinatu du.
Espainiako futbolaren maila gorenean esperientzia handia duen erdilaria dela nabarmendu du klub txuri-urdinak, “oreka, ofizioa eta iritsiera emateko gai dena”. Rayo Simancasen eta Parquesolen hasi zen futbolean, Atletico de Madrilen egin zuen urratsa, eta ondoren Rayo Vallecano, Madril, Tacon, Deportivo, Villarreal eta Espanyol taldeetan aritu da.
Hain zuzen ere, denboraldi ona egin du Bartzelonan. Kapitain gisa aritu da, eta Realak dioenez pieza garrantzitsua izan da bere “erregulartasunagatik, lehiakortasunagatik eta bi areetan egindako ekarpenagatik”. Ligako 29 partida jokatu zituen, 2.396 minutu. Bestalde, bost gol egin zituen eta bi asistentzia eman.
“Oso pozik nago Realak proiektu handi honen parte izateko nigan jarri duen konfiantzagatik”, adierazi du Campok.

