Baldintzapeko aukerak, etxegabeentzat
Donostian gero eta pertsona gehiago bizi dira kale egoeran. Donostiako Udalak baliabide ugari bideratzen ditu Gizarte Ekintza sailaren bidez, baina ez dira nahikoa. Aukerak programa da horietako bat, iazko abenduan martxan jarri zutena.
Hiritarron Harrera Sareak eta Oxigraf fabrikako hainbat kaleratuk egindako agerraldia, Herreran.Inaxio Esnaola Aranzadi Martuteneko Agustindarren eraikina husteari erantzuteko abiatu zuen Donostiako Udalak Aukerak programa, etxegabeak gizarteratzen laguntzeko. Kaleratzea iazko abenduaren 4an gertatu zen, eta udaleko Gizarte Ekintza sailak egun bat lehenago aktibatu zuen baliabide berria. Horrela, La Sirena neguko aterpetxera 50 lagun inguru eraman zituzten. Urtarrilean, berriz, Zardoya-Otis eremuko pabiloi bat hustu zuten, eta han bizi ziren pertsonetako batzuk ere La Sirenara eraman zituzten. Ordea, maiatzaren 22an, eremu bereko Oxigraf fabrikatik hainbat pertsona kaleratu zituzten, eta horiei ez zieten programan sartzeko eta Antiguako aterpetxera joateko aukerarik eskaini.
Udaleko iturrien arabera, orain arte 70 pertsona artatu dituzte Aukerak programaren bidez. Dena dela, Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziak adierazi izan du baliabide horren bidez, gehienez, 60 pertsona artatu ahal dituztela, programa berezia eta pertsonalizatua delako. Hasieratik, Martuteneko kaleratzea gertatu zenetik, Hiritarron Harrera Sareak baliabide berri horren baldintzak eta irizpideak deitoratu ditu. Izan ere, pertsona batzuei programa hori eskaini diete, eta beste batzuei ez.
Irizpideak eta baldintzak
Aukerak programa udalak bultzatu duen neurri zehatza da, etxerik gabeko pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko. Gizarte Ekintza sailak honela dio programari buruzko txostenean: «Gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea bilatzeko aukerak jorratzen ditugu, beti ikuspegi humanista eta zorrotz batetik. Arreta pertsonalizatuan eta irizpide tekniko zein profesionalen arabera diseinatutako inklusio ibilbideen diseinuan eta garapenean jartzen dugu arreta».
Jon Insausti alkateak eta Idoeta zinegotziak hainbatetan aipatu dute Aukerak programak irizpide bikoitza duela: «Eskubideak eta betebeharrak». Hau da, udalak ezarritako baldintzak betetzen dituzten etxegabeak soilik sar daitezkeela Aukerak programan. Aipaturiko txostenak bete beharreko baldintza horiek zeintzuk diren zehazten du: «Donostian bizitegi bazterkeriako egoeran eta familia sarerik edo kanpoko laguntzarik gabe egotea; Donostian erroldatua edo errotua egotea; udaleko gizarte zerbitzuekin esku hartze aktiboko plan bat izatea; banakako esku hartze plan bat izatea, gizarte, prestakuntza eta lan arloko laguntzara bideratua; eta talde profesionalekin adostutako lan plana osorik eta etengabe betetzeko konpromisoa izatea».
La Sirena aterpetxea da Aukerak programan sartzen direnen gaueko ostatua. Udalak otsailean erabaki zuen neguko aterpetxe izatetik, urte osoko harrera eta gizarteratze zentro bihurtzea —horrela da martxoaren 31tik aurrera—. Aterpetxeko araudia onartu eta sinatu behar dute hara sartzen diren etxegabe guztiek. Zentroaren irekiera eta itxiera ordutegiak errespetatu behar dituzte —21:00etatik aurrera sar daitezke, eta 08:30ean atera behar dira; afaria eta gosaria ematen diete—, espazioen eta azpiegituren erabilera egokia egin behar dute, eta betebehar batzuk dituzte. Era berean, laneratze eta ikasketa prozesuan daudenen asistentzia kontrolatzen dute.
Baliabideen berrikuspena
Harrera Sareak pasa den astean Herreran egindako agerraldian, Aukerak programa eta gizarte zerbitzuetako beste baliabide batzuk berrikusteko eskatu zuen. Esaterako, La Sirena aterpetxea. 100 pertsonentzako lekua badu ere, gehienez, 60 lagun dira han artatzen ari direnak —beste 40 tokiak neguko protokolorako baino ez direlako—. Horrekin batera, udalari eskatu zioten Oxigraf fabrikan bizi ziren pertsonei gizarteratze ibilbideetara batzeko aukera emateko.
Udalak eskaintzen dituen gizarte zerbitzuetako baliabideak ez dira Aukerak programara mugatzen, eta horien garrantzia nabarmendu izan dute Insaustik eta Idoetak. Guztira, lotarako 300 toki baino gehiago eskaintzen ditu udalak, hainbat udal egoitzetan banatuta. Abegi Etxeak 56 leku ditu, Gaueko Aterpeak 22, eta larrialdietarako beste hamasei dituzte gordeta. Bestalde, tutoretzapeko 121 bizitoki dituzte. Horrela ere, baliabide horiek guztiak ez dira nahikoa. Harrera Sarearen arabera, Donostian 500 pertsona inguru bizi dira kale egoeran.

