LABek zaintzaren alorrean «arduragabekeriaz jokatzea» leporatu dio Gipuzkoako Aldundiari
Sektoreko langileen eskubideak aldarrikatu eta zaintza sistema publiko komunitarioa eskatzeko mobilizatu dira.
LABeko hainbat ordezkarik eserialdia egin dute Gipuzkoako Aldundiaren egoitzan.LAB Gaur goizean, LAB sindikatuak eserialdia eta elkarretaratzea egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak zaintzaren esparruan duen jarrera salatzeko. “Zerbitzu publikoak ematen dituzten arren pribatizaturik dauden ehunka langileren egoeraren erantzule zuzena da aldundia, patronalarekin batera”, adierazi dute.
Lehenik, LABeko hainbat kidek aldundiaren barruan egin dute protesta, “zerbitzuen publifikazioaren eta soldaten berdintzearen bidean urratsak egin ditzan exijitzeko”. Ondoren, zaintzaren eremuko hainbat langile eta sindikatuko kide aldundiaren aurrean elkarretaratu dira, Gipuzkoa plazan.
Helduen egoitzetako eta esku hartze sozialeko herrialdeko hitzarmenak negoziatzen ari dira une honetan, eta testuinguru horretan egin dute protesta. “Izan ere, bi kasuetan, ematen den zerbitzua eta finantzazioa publikoa diren heinean, aldundiak ardura zuzena du hitzarmen horietan, eta, beraz, langileen lan baldintzetan. Hala du aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten dutenen kasuan ere, eta baita, neurri txikiagoan bada ere, udalerrietako etxez etxeko laguntzan diharduten langileen kasuan ere”, azaldu du sindikatuak.
Aipaturiko bi hitzarmenei dagokienez, salatu dute ez dagoela patronalaren aldetik “negoziazio errealik” langileentzat funtsezkoak diren soldata igoerei, ratioei eta partzialtasunari buruz, eta aldundia “beste alde batera” begiratzen ari dela, “zerbitzu horiek bere ardura diren arren”.
Urteetan zehar merkatuaren eta pribatizazioaren logikari erantzuten dion eredua garatu dela kritikatu dute, eta eredu hori bera “betikotu” nahi dutela administrazioek: “langileak prekaritatean lokaztuz, ratioak bere horretan utziz, zor patriarkala gutxietsiz, partzialtasuna areagotuz…” Eredu hori alboratzeko eskatu, eta bestelako eredu bat aldarrikatzen du LABek.
2023ko Greba Feminista Orokorraren testuinguruan, hainbat eragile sozial eta sindikalek egindako Denon Bizitzak Erdigunean herri akordioa plazaratu zela gogoratu dute. “Bertan jasotzen dira LABentzat ipar diren aldarrikapenak, zaintza sistema publiko komunitarioaren norabidean jorratu beharrekoak: zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea, zaintza sistema publikoa indartzea eta garatzea, zaintza zerbitzuen pribatizazioaren eta negozioarekin amaitzea, zaintza sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea… Pribatizatutako zaintzako langileen publifikazioaren alde egiten dugu, eta norabide horretan urratsak egin behar direla aldarrikatzen dugu; zuzeneko langile publikoekin soldaten ekiparazioa, lan baldintzen homologazioa edo ratioen hobekuntza, esaterako”, nabarmendu dute.
Horrekin batera, zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko “apustu argia” egiteko exijitu diote aldundiari: “zaintzarekin negozioa egitea ahalbidetzen duen egungo egoera sostengatzeari utz diezaiola eta, publifikazioaren bidez langileen baldintzak duintzearekin batera, zaintza desfamiliarizatzeko, banatzeko eta demokratizatzeko neurriak har ditzala”.


