Metabandalismoa
Mikel Laboa parkeko plaka, estalita.Joseba Parron San Sebastian Espazio publikoa borroka gune garrantzitsua dela azaltzeko irudi aproposa: norbaitek mezu politikodun pintaketa bat egiten du Mikel Laboa parkean, nahita edo nahigabe, musikari donostiar handiaren omenezko plaka estaliz; udalak dena zuriz margotzen du pintaketa estaltzeko, plaka bera barne, eta, nahita edo nahigabe, justu plakaren gainean jartzen du «margotu berria» dioen papertxoa eta, norbaitek, nahita edo nahigabe —esan beharko da oraingoan ere—, marra more bat margotzen du horren guztiaren gainetik.
Kaleetako «bandalismoaz» asko kexatzen dira batzuk, «bandalismo» horren atzean dauden arrazoiei garrantzia kenduz. Baina, kasu honetan, non dago bandalismoa? Plaka pintaketa politiko batekin margotzean, horma «garbitu» eta plaka ere estaltzean ala marra bat egitean? Metabandalismoa joera artistiko berri gisa?
Mundua bihar bukatu, eta milaka urte barru horma hori aurkituko balu hurrengo zibilizazioak, geruzak aztertzean eta «esku hartze artistiko» horiek guztiak (eta azpitik egongo direnak) aurkitzean, zer pentsatuko luke? Pintaketa politiko bat, pintura zuria, paper bat plaka baten gainean, ageriko esanahirik ez duen marra bat… «Txoratuta zeuden donostiar hauek», pentsatuko lukete, ziurrenik.
Baina hobe hori, geruzarik gabeko horma zuri «garbi» bat aurkitzea baino. Izan ere, espazio publikoak borroka gune izaten jarraitzen duen bitartean, herri bizi bat egongo da horren atzean.
Hori bai, metabandalismoa Laboaren plakaren inguruan praktikatzea badago.

