Musika eta dantza; Amara Berrin badakite nola piztu sugarra
Hilaren 17an abiatuko dituzte aurten Amara Berriko sanjoanak, eta suaren piztearekin amaituko dituzte, kantu eta dantza. Javier Sampedro Ikasbide Kultur Elkarteko kideak xehetasun guztiak eman ditu, auzoan udari emango dioten ongietorri bereziaren inguruan.
2025ko Amara Berriko sanjoanak.Maitane Aldanondo Udaren etorrerarekin batera, neguko hotzak sutan erretzeko unea iritsi da, eta hori giro «intimo eta familiarrean» egiten dute Amara Berrin, Javier Sampedro Ikasbide Kultur Elkarteko kidearen hitzetan.
Ikasbide Kultur Elkarteko batzarrak antolatzen ditu sanjoanak auzoan, urtero, bertako gazteen laguntzaz. Izan ere, egitarauko jarduera jakin batzuk, auzoko elkarte batzuek kudeatzen dituzte; gazte asanbladak, haurtxokoak edota Berritsu Euskara Elkarteak. Hala, adin desberdinetako auzotarrak daude antolakuntzan inplikatuta, eta publiko guztietarako jaiak ondu dituzte.
Sampedrok adierazi duenez, bazkari herrikoiak dira jende gehien mugitzen dutenak, eta musika dagoen leku guztietan dago gazteria; izan ere, txaranga eta karro poteoa ez dira faltako aurten ere ez, uda goxo hasteko.
Suari dantza
Hilaren 17an hasiko dira aurtengo sanjoanak auzoan; izan ere, kaleetan zehar kantuan ibiliko dira amaraberritarrak, Amara Kantuzen eskutik, tabernaz taberna. Horrela ematen zaiolako ongietorri on bat udari; kantuan. Jai ofizialak, ordea, hilaren 19an hasiko dira, ostiralarekin, eta igandera arte luzatuko dira, asteburu mugitu bat pasatuz. Hala ere, San Joan bezpera izango da, urtero bezala, gaurik bereziena.
Ekainaren 23ko iluntzea nabarmendu nahi izan du Sampedrok; aurreko urteetan egindakoari leial, ez dute ezer berririk antolatu nahi izan. Hala, arratsaldean, dantza entseguak egiten dituzte gerora suaren inguruan dantza egin nahi duten auzotarrek, txistulariak pasieran dabiltzan bitartean, eta sua piztu baino lehen egiten diete dantzariek erakustaldi epel eta udatiarra, gainontzeko auzotarrei.

