Orquesta Mondragon, Lia Kali eta Etzakit, besteak beste, aurtengo Aste Nagusian
Aste Nagusiko kontzertuak aurkeztu ditu Donostiako Udalak.Donostiako Udala Abuztuaren 8tik 15era izango da aurten Donostiako Aste Nagusia, eta musika emanaldien proposamenak izaten dira, urtero, ikusmin gehien sortzen dutenak; hala, gaur aurkeztu dituzte jaietako kartela eta Sagueseko kontzertuak. Jaietako zinegotzi Ane Loyartek eman du egitarauren berri, kartelaren egile Paula Estevez donostiarra ondoan zuela.
Estilo eta soinu ezberdinak, dinamismoa, freskotasuna, umorea… uztartzen ditu gauero agertokia 23:45ean hartuko duen eskaintzak.
Musika egitaraua abuztuaren 8an hasiko da Veintiuno taldearen rock alternatibo, indie rock eta indie pop estiloko kontzertuarekin. Hurrengo egunean, abuztuaren 9an, Nat Simons madrildarra eta Aurora Beltran iruindarra igoko dira agertokira rock doinuen erritmora, eta abuztuaren 10ean, Sanguijuelas del Guadiana taldearen txanda izango da; azken hauek, rocka, popa, musika elektronikoa eta rumba uztartzen dituzte.
Duela hamar urte Plaza Berria bete zuen Orquesta Mondragon talde donostiar mitikoak joko du abuztuaren 11n, oraingoan, mende erdiko ibilbidea ospatzeko. Abuztuaren 12an, Kataluniako Malmo 040 pop-rock taldearen emanaldia izango da. Abuztuaren 13ko eskaintzari dagokionez, Sune arituko da, trikitixa eta musika elektronikoa oholtzaratuz. Azken txanpan, abuztuaren 14an, Lia Kali musika urbanoaren gaur egungo izar handietako batek abestuko du, eta jaiak amaitzeko, abuztuaren 15ean, Etzakit taldeak emango du kontzertua, euren agurraren ostean ematen ari diren kontzertuen barruan. Duela 23 urte amaitutzat eman zuen bere ibilbidea, baina triki pop taldea bueltan da eta “festa handi batek” amaituko du Aste Nagusia.
“Zortzi gau puntako zortzi ikuskizunekin, hiriko musika gustuak ordezkatzen dituztenak, proposamen berriak eta musika ikonoak, eta horien artean, inguruko musikariak. Donostiar guztiak gonbidatuta zaudete soinu hauekin guztiekin gozatzera”.
Kartelaren diseinua
Kartelaren diseinua Paula Estevez diseinatzaile donostiarrak egin du; 20ko eta 60ko hamarkadak bitartean turismoa sustatzeko egiten zituzten karteletan oinarritu du diseinua, baina “modernitatearekin eta gaur egungo hiriarekin” elkartu nahi izan ditu. Horrez gain, Aste Nagusiko pertsonaia ezagunei eta jai herrikoiei ere egin die keinu.
“Zoragarria, kolorez betea” dela esanez eman dio Loyartek hitza Estevezi. “Ohorea” dela onartu du eta eskerrak eman du aukeragatik. Kartel atenporala egin nahi izan du, “klasikoen” kutsuarekin 1920-1960 hamarka bitartean turismoa sustatzeko egin ziren karteletan inspiratuta, betiere, modernitatearekin eta egungo hiriarekin ere elkartuta. Hala, Aste Nagusiko elementu eta pertsonai ezagunak sartu ditu.

