Txar guztiak sutan erre, eta datorren on guztia ospatzeko, dantza
Ekainaren 12tik 26ra ospatuko dituzte sanjoanak, Antiguan. Adin guztietarako egitarau zabal bat prestatu dute auzotarrek, Antiguotarrak Dantza Taldeak koordinatuta, eta suaren epelean amaituko dituzte, urtero bezala, dantza giroan.
2025eko Antiguako sanjoanak.Joseba Parron San Sebastian Diote San Joan bezpera gau ezin hobea dela txar guztiak erre, eta berriro hasteko. Eta Antiguari badario ke usaina, dagoeneko; ekainaren 12tik 26ra bitartean, jai giroz jantziko da berriro ere auzoa, eta musika eta dantza izango dira ardatzak, betiko lez. Nora Miranda Antiguotarrak Dantza Taldeko kideak eman ditu aurtengo sanjoanen xehetasun guztiak.
Puzzle baten piezak
Jai hauen bereizgarri nagusia auzoko eragile ezberdinen inplikazioa da. Antiguotarrak Euskal Dantza Taldeak bere gain hartzen du koordinazio lan nagusia, baina helburua beti da elkarte bakoitzari bere espazioa eskaintzea. Koordinazio hori ez da beti erraza izaten, Mirandaren esanetan, elkarte bakoitzak bere lehentasunak dituelako, asteko egunak aukeratzeko orduan.
Egitaraua sortzeko eta finkatzeko prozesua auzotik eta auzotarrentzat egiten den zerbait da, urtez urte antzeko egitura mantenduz, baina beti auzotarren eskaera berriei ateak irekiz. Adibide argi bat, aurten auzoko jubilatuekin gertatutakoa da. Frontoian euren espazio propioa izatea eskatu dute, urtean zehar jubilatuen etxean dantza klaseak ematen ibiltzen direnez, auzoari erakustaldi txiki bat eskaini nahi diotelako.
Egun indartsuenak
Jaiak gaur (hilak 12), ostiralarekin, jarriko dira martxan. Gaur bertan jokatuko dira gazte eguneko futbito txapelketaren aurre partidak. Txapelketa horrek arrakasta itzela izaten du auzoko gazteen artean, normalean hogei taldek baino gehiagok izena ematen baitute.
Hala ere, potenteena hurrengo asteburuan izango da; dantza eguna, gazte eguna eta Ez Don/k Hamahiru nabarmendu nahi izan ditu Mirandak.
Dantza egunak indar berezia du; dantza taldearen egun handia da, jai hauen hazia izan zena, hastapenak, euskal kultura eta dantza auzora ekartzeko eta urtean zehar haur zein gurasoek egindako lana erakusteko eguna izaten baita. Egun osoko festa izaten da: goizean kalejira, egun osoan zehar sardina jana eta taberna jartzen dute, eta aurten, txaranga bat ere egongo da arratsaldean, giroa berotzeko.
Txantxarreka gaztetxeak, ordea, gazte eguna prestatzen du; auzoko gazteek eskatuta berreskuratu den eguna da, eta hilaren 19an (ostirala) izango du zita. Hilaren 20an, aldiz, gazte jendeak ere kaleak hartuko ditu, Ez Don/k Hamahiruri esker. Hori izaten da parrandan irteteko gaua, Mirandak azaldu duenez.
Kirolari ere, leku
Kirolak eta auzoen arteko «lehia osasuntsuek» ere badute lekua; Antiguak eta Aietek indarrak neurtuko dituzte aurten, herri kirol proban. Horrez gain, eta urteroko ohiturari jarraituz, buruhandiek eta erraldoiek ere kaleak kolorez beteko dituzte, Loretope konpartsaren eskutik.
Mirandak kontatu duenez, jarduera bakoitzak bere publikoa erakartzen du: «Festa txikiak dira, baina parte hartzaileak; denontzako zerbait egotea bilatzen dugu».
Sua, tradizioa eta erramuak
Jai hauen azpiko ildoa argia da: euskal kultura auzoan mantentzea. Eta bide horretan, San Joan bezperak ixten du zikloa. Ekainaren 23ko 22:00ak aldera, Gaskonia plazan, tradizioz, San Joani dantzatzen diote, eta, ondoren, erromeria txiki bat egiten dute. Baina badago Antiguan oso sustraitua dagoen zerbait, berezia dena, oso: erramu eskaintza.
Auzoan ohitura da, besteak beste, garia eta arrosa bat dituen iazko erramu zaharra sutara bota eta berria erostea; horrek, urtean zehar gertatutako txar guztiak erretzea sinbolizatzen du, urte berri bati hasiera garbia emateko. On guztia ospatzeko aitzakia polit bat da; lasaiago egiten omen da dantza, suaren epelean.
Ikusi egitarau osoa, hemen.

