Hirutik hiru Donostia Arraun Lagunak-ek
'Lugañenea' ontziak Espainiako Traineru Txapelketa hirugarrenez jarraian irabazi du. Donostiarra Orio txapeldunaren atzetik geratu da, berriz ere.
Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlariak lanean.Joseba Parron San Sebastian Kanporaketa eta finala dominatuta irabazi du Donostia Arraun Lagunak-ek Galizian jokaturiko Espainiako Traineru Txapelketa. Lortzen duten hirugarrena da, eta hiruak jarraian eskuratu dituzte. Horrela, liga hasi aurretik, jokaturiko txapelketa guztiak irabazi dituzte; Gipuzkoakoa, Euskadikoa eta Espainiakoa.
Lugañenea ontzia zen hautagai nagusia, eta atzokoan arerioak aise gainditu ondoren, gaur jokaturiko finalean ere onenak izan dira. Astillero kantabriarrekin lehia polita izan dute hasieran, baina helmugan bederatzi segundoko tartea atera diete. Perillo izan da hirugarren eta Tiran laugarren. Kontsolamendu finalean, berriz, Chapelak Amegrove eta Cabo menderatu ditu.
Sailkapena
1. Donostia Arraun Lagunak 10:51,38
2. Astillero 11:01,02
3. Perillo 11:21,84
4. Tiran 11:22,11
Gizonezkoen kategoria nagusian, Donostiarrak hirugarrenez konformatu behar izan du txapeldunorde izatearekin, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan gertatu moduan. Espainiakoan ere Orio izan dute aurretik. Torrekua II ontzia saiatu da ezustekoa ematen, baina San Nikolas traineruak Getariako uretan baino errazago irabazi du. Zierbena izan da hirugarren eta Cabo laugarren. Kontsolamenduko finalean, berriz, Aresek irabazi du Samertolameu, Chapela eta Mecos gaindituta.
Sailkapena
1. Orio 19:53,75
2. Donostiarra 20:06,51
3. Zierbena 20:12,07
4. Cabo da Cruz 20:50,59
Txapelketen aroa bukatuta, ligari begira jarriko dira traineru guztiak. Izan ere, ekainaren 28an hasiko da, Madrilen.

