Martuteneko espetxeko presoak Zubietako kartzelara lekualdatzen ari dira
Zubietako espetxe berriaren artxiboko irudia.Irutxuloko Hitza Ireki dute dagoeneko Zubietako kartzela berria, eta Martuteneko espetxeko pertsona presoak hara eramaten ari dira dagoeneko. Efe albiste agentziak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriak aipatuta argitaratutako informazioaren arabera, Ertzaintza ari da lekualdaketa hori egiten, hainbat ibilgailurekin zenbait bidaia eginez, asteazken goiz honetan zehar, segurtasun neurri handiekin.
Hain zuzen ere, preso batzuk asteartean eraman zituzten Martutenetik Zubietara, baina gehienak gaur goizean eramatea da aurreikuspena. Guztira, preso dauden 230 bat pertsona eramango dituzte espetxe zaharretik berrira, eta hirugarren graduan dauden 40-50 pertsona euren kabuz joango dira Zubietako kartzelara, aurreikuspenen arabera.
Zubietako presondegia Martutenekoa baino nabarmen aldenduagoa dago hirigunetik, “modernoagoa” dela dio Jaurlaritzak eta 450 preso hartzeko gaitasuna dauka.

