Martuteneko espetxeko ondare historikoa babesteko neurriak hartzeko eskatu du GEBehatokiak
Martxoan 24 elkarte memorialistek egindako proposamenaren ildotik egin du eskaera GEBehatokiak, Martuteneko espetxea "memoria leku" izendatzeko eskatu baitzuten.
Martuteneko espetxea.Inaxio Esnaola Zubietako espetxe berria inauguratuta, Martuteneko kartzela ixtear dira, eta, horren harira, bertako “ondare historikoa babesteko deia” egin du Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak (GEBehatokia). “Martuteneko espetxea errepresio frankistaren adierazle nabarmena izan zen, batez ere salbuespen egoerako aldietan, 1968ko salbuespen egoeraren adierazgarri nagusiarekin. Balio izugarria du, beraz, Gipuzkoako eta Euskal Herriko memoria historikorako”, nabarmendu du erakundeak.
Martxoan 24 elkarte memorialistek egindako proposamenaren ildotik egin du eskaera GEBehatokiak, Martuteneko espetxea “memoria leku” izendatzeko eskatu baitzuten. Izan ere, 78 urteko historia du kartzelak, tartean frankismo garaikoa, eta giza eskubideen urraketa larriak egin dituzte bertan estatuko segurtasun indarrek. Zubietako espetxe berrian ETAk hildako Martuteneko espetxeko hiru langileren omenezko plakak jarriko dituzte; momentuz, ez dute iragarri estatuko indarrek egindako giza eskubideen urraketak gogoratzeko oroigarririk jarriko dutenik.
Eraikina eraistea eta bertan etxebizitzak eraikitzea da Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren asmoa; hori dela eta, bi erakunde publiko horiei eskatu diete “elementu adierazgarriren bat” gordetzeko, “sortutako mina eta egia historikoa ahalik eta gehien errespetatuz”.
Horrela, Donostiako Udalarekin, Gogora Institutuarekin eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin abian dauden elkarrizketek eskaera horiei erantzun bitartean, GEBehatokiak “premiazkotzat” jo du “eraikinean dagoen ondarea babesteko neurriak hartzea”: “Ez da lehen aldia, balio historikoa duen eraikin bat itxi eta eraitsi bitartean, jendea bertara sartzen dela ondarea lapurtzeko edo eraikuntza degradatzen duten gizalegearen aurkako ekintzak egiteko. Euskal Herriko adibide bat Espainiako Armadak Iruñeko Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekua zaintzeko eta mantentzeko betebeharrak bertan behera utzi izana da”.
Neurri proposamenak
Martuteneko presondegiaren “itxieraren ondoren, prozesu bat irekitzen da, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Erresumaren ondare nazionalari itzuli behar diolako —bere garaian, espetxe politikaren transferentziaren esparruan eman zitzaion kudeaketa—, hirigintza proiektuari ekiteko Eusko Jaurlaritzari berriro utzi aurretik”, azaldu du GEBehatokiak, baita gaineratu ere “luzatu daitekeen administrazio prozesu bat” dela, eta “eraikinaren zaintza nori legokiokeen argi ez dagoen aldiak sor ditzake”.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari, eraikinaren egungo kudeatzaileari, honako neurri hauek har ditzala “iradoki” diote: “Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, balio historikoa duten elementuen bilduma, katalogazioa eta artxiboa egitea premiatzen dugu. Bere garaian, eta Donostiako alkate ohi Eneko Goiaren bultzadaz, espetxearen artxiboaren zati handi bat Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen artxibo historikoetan gorde zen; premiazkoa da gainerako artxiboak leku berera eramatea. Segurtasun neurriak bermatzea, eraikina hondatu ez dadin.
“Ekimen hau orokorrago baten barruan kokatzen da, non Euskal Herriko eta Espainiako hainbat unibertsitatetako historialariak eta historia irakasleak eztabaida bat bultzatzen ari diren, artxibo horiek guztiak, Espainiako Barne Ministerioko Artxibo Historikokoak edo Espainiako Armadakoak barne, herrialdeko artxibo historikoetara eramateko eskatuz”, nabarmendu du GEBehatokiak, baita gehitu ere “zigorgabetasunarekin amaitzeko aldarrikapen garrantzitsua eta beharrezkoa” dela.
Txomin Letamendiren kasua
Ildo horretatik, hain zuzen ere, GEBehatokia “pozik” agertu da “Espainiako Barne Ministerioko Artxibo Nagusitik, azkenean, Txomin Letamendi Muruaren espedienteko dokumentazio osoa” bidali dietelako, “zirriborrorik eta zentsurarik gabe”. “Emaitza horrek erakusten du lanak eta gaiari eusteak emaitzak ematen dituztela eta zigorgabetasunaren horma pitzatzeko aukera ematen dutela”, gaineratu dute.

