Bentaberriko 510 etxebizitzak babestuta mantentzearen alde egin du Eusko Legebiltzarrak
Jon Insausti alkateak positibotzat jo du Donostiako Udalbatzak egindako eskaerek eta hainbat eragilerekin izandako bilerek fruituak eman izana.
Bentaberriko Alokairu plataformaren protesta bat, osoko bilkuren aretoan. Eusko Legebiltzarrak tentsio handiko eremuetan etxebizitza babestuen kalifikazioa luzatzearen aldeko mozioa onartu du. Erabaki horrek Bentaberriko 510 babes ofizialeko etxebizitzei zuzenean eragiten die. Gogoratu behar da etxebizitza horien babesa 2028an bukatzen dela.
Jon Insausti alkatea pozik agertu da Bentaberriko familientzat “urrats garrantzitsua” den mozioarekin. Era berean, positibotzat jo du Donostiako Udalbatzak egindako eskaerek eta hainbat eragilerekin izandako bilerek fruituak eman izana.
Bestalde, Insaustik gogorarazi du udalak “zeregin aktiboa” duela kaltetutako bizilagunei konponbideak bilatzeko, eta horren ondorioz, udalbatzak mozio bat aurkeztu zuen martxoan, Eusko Jaurlaritzari eskatzen ziona Bentaberriko Jose Mari Sert plazan dauden babes ofizialeko etxebizitzen familiek duten arazoari irtenbidea bilatzeko bide egoki guztiak gaitzeko.
Eusko Legebiltzarreko mozioa Donostiako Udal Gobernuko bi alderdiei esker onartu dela nabarmendu du alkateak. Mozioaren bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote beharrezko arau aldaketak bultza ditzala aldi baterako kalifikazioa duten babes publikoko etxebizitzek, etxebizitza eskubidearen aldeko maiatzaren 24ko 12/2023 Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, tentsio handiko bizitegi merkatuko eremu batean badaude, etxebizitza babestuen kalifikazioari eutsi diezaioten, tentsio handiko bizitegi merkatuko eremu izendapena indarrean dagoen bitartean.

