Koro Santestebanek jasoko du Espainiako Zinema Akademiaren 2026ko komunikazio saria
Koro Santesteban Donostiako Zinemaldiko prentsa arduraduna.Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademia Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak Koro Santesteban donostiarrari emango dio 2026ko Alfonso Sanchez Komunikazio Saria. Santesteban Donostiako Zinemaldiko prentsa arduraduna da, eta 1988tik du lotura zinemaldiarekin. Uztailaren 15ean Madrilen egingo den ekitaldian jasoko du garaikurra.
Zinema Akademiak Alfonso Sanchez Komunikazio Sariaren bidez nabarmentzen du hedabideek eta profesionalek estatuko zinema zabaldu eta sustatzeko egindako lana. Akademiako kideek adierazi dutenez, Santestebani eman diote saria “jaialdi donostiarraren komunikazio eta prentsa talde bikainaren ordezkari gisa”.
“Oso pozik eta hunkituta” dago Santesteban, eta “oso maitatua” sentitzen dela adierazi du. Era berean, bizitzaren oso une berezian iritsi zaiola nabarmendu du, eta Zinemaldiko kide guztiekin partekatu nahi duela: “Urtez urte giza harremanen balioa nabarmentzen dut. Nire ahalegina eta interesa bideratua dago guztiok —lantaldea, kazetariak, erakundeak, babesleak, prentsa-agenteak eta abar— ongi etorriak sentitzera eta eroso lan egitera. Sariak erakusten du, orobat, tratu hurbila oraindik baloratzen dela, eta teknologiak ez duela inoiz ordeztuko”.
Santestebanek Zinemaldiko prentsa departamentuan egin du lan ibilbidea, bai kudeaketa eta koordinazio lanetan, bai harreman publikoetako lanetan. Lehen urteetan atzerriko prentsari arreta ematen aritu ondotik, estatuko prentsaren arduradun izendatu zuten 1997an, eta eginkizun horretan aritzen da oraindik gaur egun

