Auzo txiki, buruhandi
Buruhandi bat, Herrerako jaietan.Inaxio Esnaola Aranzadi Egunerokoan geure buruei eusteko nahikoa lan izaten dugun arren, auzo txikietako jaietan buruhandiak ez dira falta. Atzetik segika izaten ditugu, helburu bakarrarekin: maskuriarekin auzotarrak astintzea. Egoskorrak, kaskagogorrak eta burugogorrak dira buruhandiak. Sinonimo guztiak eta gehiago kabitzen dira buru horietan.
Batzuek errespetua diete, beste batzuek beldurra, eta gehiengo batek gustuko du haien aurretik korrika ibiltzea. Baita haiek zirikatzea ere, adrenalina sortuz eta buruhandi horien zamarekin jolastuz, norberarenak une batez arintzeko.
Arazo erraldoien ihesbide izan daitezke festak. Erraldoiak dira ere buruhandien kontrapuntua auzo txikietako jaietan. Lasaiak, zintzoak eta miretsiak dira, geldirik ala dantzan. Goitik begiratzen gaituzte, baina ez dira gu baino hobeak sentitzen. Aldiz, buruhandiek gu baino azkarragoak direla uste dute, eta buruhandiren bat talaia batetik begira ikusten baduzue, erne ibili!

