Idi demarik gabe, baina indartsu datoz aurten ere Altzako sanmartzialak
Asteburu honetan martxa hartuta, jaiak ostegunean hasiko dituzte ofizialki Altzan, Txirrita mendi lasterketako antolatzaileen pregoiarekin. Egitarauak, ordea, hilaren 27an joko du goia, jendetsuak izan ohi diren herri bazkaria eta giza proba zita nagusiak izanda.
Frontoian egindako herri bazkarian, giro paregabean bazkaldu zuten iaz dozenaka altzatarrek.
Maitane Aldanondo Altzako sanmartzialak ostegunean, hilak 25, hasiko dira ofizialki, poteo, brindis eta pregoiarekin, baina jarduera zerrendari gaur bertan ekingo diote. Hementxe, egitarau osoa. Kirola da nagusi asteburuan, baina aukeren artean, puska bilketa egingo dute bihar. Trikitilariak lagun, erromeria giroan, jai egitaraua banatu, eta jaietara batzeko deia egingo diete altzatarrei.
2023an, herri bazkaria berreskuratu zuten; urtebete geroago, giza proba; iaz, haur danborrada…urtez urte ekitaldi berriak gehitu zaizkie lehendik zirenei, antolakuntzara ere jende berria batu delako. Altzatarra elkartea eta auzoko gazte talde bat dira muina, baina zenbait ekitaldiren ardura duten beste eragile batzuk ere badira: Bizarrain, eliza, Nao Etxea, Txirrita mendi lasterketako antolatzaileak… Hain zuzen ere, azken horiek izango dute pregoia esateko ohorea, beraien inplikazioa eta Altza ezagutarazi izana eskertzeko.
Berritasunak izaten dira galdera nagusia, aurten, baina, batugai bat beharrean, hutsune bat da nabarmentzekoa. Ekitaldi tradizional bat bazuten sanmartzialek, Santa Ixabel eguneko idi dema zen. Baserritarrek euren egunean antolatzen zuten, baina hala ez egitea erabaki dute. Arrazoi argirik ez dago, baina azken urteetan «pixka bat gainbehera» egin duela dio Lander Sanchezek. Hainbatetan animalistekin arazoak eduki dituzte, idiak ekartzea garestia da, eta, gainera, Altzako idirik ez da izan azken urteetan…
Langari eutsi (edo gainditu)
Horri gehitu behar zaio giza probak izandako arrakasta. Horren prestaketan dabil Sanchez, eta, bere ustez, «giza probarekin naturalki eraldaketa gertatu da». Hala, plaza urtean behin erabiltzetik, entrenamenduak medio, astero erabiltzera pasatu dira. Proba hori, hain justu, egun handi edo jendetsuenean egingo dute: larunbatean, hilak 27. Iaz, sei talde aritu ziren nor baino nor, hiru altzatarrak. Aurten, bertako bi baieztatu dituzte, baina hirugarrenaren eta Lezokoaren zain daude. Horrez gain, herri bazkaria, elektrotxaranga, pilota partidak… aukera zabala du egunak.
Sanmartzial hauek iazkoen parekoak edo hobeagoak izatea nahi dute antolatzaileek. Izan ere, askok esan zieten «kristorenak» edo «urtetan, onenak» izan zirela. Gakoa askotariko eskaintza dela uste du Sanchezek. «Festak denontzat dira», beraz, «gauza desberdinak egon behar dira». Gainera, lehia ez zaie falta: Intxaurrondoko Intxaur jaiekin bat egiten dute. Altzatarrak animatzea kostatzen bazaie ere, parte har dezaketela edo asetzen dituztela ikusteak «motibatzen» ditu.
Bestelako zailtasunak ere badituzte, ordea. Nabarmenena, lokal propio baten falta. Udalari eskatu diote, baina beti ezezkoa jasotzen dute. «Udaletxea hemen daukagu, itxita dago, aukera eduki genezake hor gordetzeko materiala, mahaiak, toldoak, giza probako egitura… ez digu utzi», azaldu du.

