Zaindegi militarra, etxebizitza eta kultur gunea
Urgulleko Guardetxea, 1980eko hamarkadan.Artxiboa Urgull mendiko gotorlekuaren zaindegi militarra 1863an eraiki zuten. Joaquin Etxague ingeniari militarrak diseinatu zuen. Ofizialarentzako eta sarjentuentzako gelak, kalabozoak eta arkupeak zituen, besteak beste. 1872an, izaera militarra galdu zuen, eta udalak espazio publiko bihurtu zuen. Horrela, Urgulleko zaindariarentzako etxebizitza bihurtu zuten; hau da, Guardetxea.
Hamarkada batzuk geroago, udal eraikinean bi etxebizitza egin zituzten. Ordea, denbora bat pasatuta, hutsik geratu zen. 1990. urte inguruan, eraikina berritu, arkupeak kendu eta bizitoki izaten jarraitu zuen. Horrekin batera, 1995ean, babesturiko ondare izendatu, eta hirugarren mailako babesa eman zioten. Hamarkada horren bukaeran, udalak beste erabilera bat eman zion. 1999. urtean sortu zen Parte Zaharreko Banda Bat elkarte soziokulturalari laga zioten Guardetxea. Alde Zaharra Kirol Elkartearen alor kulturala sustatzeko sortu zuten Banda Bat elkartea, izen bereko musika taldean ibilitako batzuek.
Ordutik aurrera, era guztietako kultur jarduerak eta tailerrak antolatu zituzten, 2007an eraikinak su hartu zuen arte. Nahita edo nahigabe gertatu zen argitu gabe, udalak eraikina berritzea erabaki zuen. Suteak ez zuen egitura kaltetu, baina denbora behar izan zuten Guardetxea berriz ere irekitzeko. Bi urte geroagoa, 2009an, Banda Bat elkarte biziberrituari adjudikatu zioten eraikinaren erabilera, hamar urterako.
Denbora horretan, Guardetxea hiriko kultur gune garrantzitsu bilakatu zen. Bertako eragile eta artistentzako leku ireki bat eskaini eta kultur eskaintza eraldatzaile bat proposatu zuten. Ekitaldi propioak antolatu eta gainerako eragileen jarduerak koordinatzeaz arduratu ziren. Urtero, adin guztietarako hamarnaka ekitaldi jaso zituzten Urgulleko eraikinean, kontzertuak, antzerkiak, hitzaldiak eta bestelako hainbat egitasmo nahasiz.
2019ko uztailaren 30ean iraungi zen Banda Bat elkartearen emakida. Jarraitzeko asmoa zuten, eta eraikinean hobekuntza batzuk egiten hasi ziren, bukatu ez zituztenak. Udalak ez zien horretarako aukerarik eman. Izan ere, eraikinaren erabilera adjudikatzeko lehiaketa publiko bat iragarri bazuten ere, ez zen horrelakorik gertatu. 2020an, Guardetxearen saneamendu arazoak konpondu zituzten, eta, gerora, zigilatu egin zuten.
Bi urte geroago, 2022ko abenduan, Alde Zaharreko Gazte Asanbladak Guardetxea okupatu zuen, bertan Parte Zaharreko gaztetxea irekitzeko asmoz. Ordea, Udaltzaingoak eraikina itxi zuen handik gutxira. 2023ko otsailean, asanbladakoak Guardetxera berriz ere sartu eta auzolana egin bazuten ere, Udaltzaingoak berriz hustu zuen. Are gehiago, eraikina blindatu egin zuten. Parte Zaharreko gazteek ez zuten amore eman, eta okupazio sinboliko bat egin zuten 2024ko maiatzean. Urtebete geroago gertatuko zen okupazioaren aurrekaria izan zen.

