Iosu Esnal Muguruza, kontzertu antolatzaile estimatua
Iosu Esnal Muguruza. Ekaina hasieran zendu zen Iosu Esnal Muguruza kontzertu antolatzaile eta manager donostiarra 69 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. InfoRock atariak sare sozialetan eman du haren heriotzaren berri, eta berehala zabaldu da musika zaleen artean, batez ere, oso estimatua zelako.
Iosu Txalupa gisa ezagunagoa zen, 1980ko hamarkadan sortu zuen Txalupa Concerts enpresarengatik. Folk kontzertuak antolatzen hasi arren, nazioarteko heavy metal eta hard rock talde ezagunak —Iron Maiden, Judas Priest, Motörhead, Scorpions, Manowar, Helloween, Blind Guardian…— programatu zituen Anoetako belodromoan, Tiburon Concerts enpresarekin batera, eta Bergarako Jam aretoan, besteak beste. Bestalde, Eskorbuto, Speed eta Vómito punk taldeen managerra ere izan zen.
Gerora, Txalupa Concerts enpresarekin nazioarteko heavy metal taldeen estatuko kontzertu birak antolatzen jarraitu zuen. Donostiara ekarri zituen horietako batzuk, oraindik Gipuzkoako hiriburua bira horien geralekua zelako, gaur egun ez den moduan. Horrela, InfoRock atariarekin batera hainbat kontzertu antolatu zituzten elkarlanean. Aitor Zubizarreta donostiarra da webgune horretako kideetako bat, El Diario Vasco egunkariko Dvorame gehigarriko kolaboratzaile izandakoa.
Hedabide hau Zubizarretarekin harremanetan jarri da, eta hitz hauek eskaini dizkio Iosu Txalupari:
“1996an hasi nintzen kolaboratzen El Diario Vasco-ko Dvorame gehigarrian rock gogor eta heavy metal kontzertuei buruz idazten. Orduan, berehala ezagutu nuen Iosu Esnal, heavy metal kontzertuak antolatzen zituelako Txalupa Concertsekin, Batez ere, Bergarako Jam aretoan. Harreman estua egin genuen. Telefonoz deika aritzen zen nire iritzia jakiteko, talde bat edo beste ekartzeko Euskal Herrira. Urte horietan topera zebilen Iosu, sekulako kontzertuak antolatzen.
Urte batzuk geroago, kontzertu gutxiago antolatzen hasi zen. Urte horietan, InfoRock eta Txalupa elkartu ginen kontzertu txikiago batzuk egiteko Donostian, Dokan eta Le Bukowskin. Besteak beste, Lizzy Borden, Onslaught, Hirax eta The Poodles taldeak programatu genituen.
Garai hartan konturatu nintzen bere bizitza hori zela, kontzertuak antolatzea, taldeekin egotea, sarrerak moztea, eta leihatilaz arduratzea. Oso langilea eta positiboa zen, beti aurrera begiratzen zuelako. Anekdota bat dut horrekin lotuta. Pasa den asteburuan, Alice Cooper Gasteizko Azkena Rock jaialdian izan zen. Ordea, Iosuk ekarri zuen lehen aldiz Euskal Herrira, Iruñeko Anaitasuna kiroldegira. Asko animatu nuen kontzertu hori egin zezan, ondo aterako zela esanez. Tamalez, guztiz kontrakoa gertatu zen. Sekulako porrota izan zen, 1.500 pertsona inguru elkartu ginen Iruñean, eta diru asko galdu zuen Iosu gizajoak. Egun batzuk geroago, Egiako taberna batean elkartu ginen, eta kezkatuta joan nintzen hara. Berak, irribarre handi batekin hartu ninduen esanez batzuetan irabazi eta beste batzuetan galdu egiten dela. Hori zen bere leloa. Beti hurrengo kontzertuari begira zegoen. Horrelakoa zen Iosu, pertsona oso jatorra”.

