Altzako Eraikuntzaren Institutua eraisteko lizentzia sinatu du udalak
Altzako Eraikuntza institutua. Donostiako Udalak gaur sinatu du Altzako Eraikuntzaren institutua eraisteko lizentzia. Kutxa Fundazioaren jabetzakoa da, eta udalari botatzeko baimena eskatu zioten. Gogoratu behar da Eraikuntzaren institutuan kokatu zutela behin-behineko gimnasioa, Altzako kiroldegi berria eraiki bitartean.
Jon Insausti alkateak aurreratu duenez, laster sartuko dira eremura eraisteko makinak, eta nabarmendu du “auzoaren berroneratzearekin” lotuta dagoela institutuaren eraisketa. “Horretarako, bizilagunekin eta inguruko eraikinen jabeekin harremanetan nago etengabe, eta urratsak bata bestearen atzetik ahalik eta azkarren egiten ari gara”, gaineratu du. Lursail horretan zer eraikiko den Kutxari dagokiola esan du Insaustik, eta aurrera begira zehaztuko da leku horretan zer eraikiko den.
Bestalde, Zardoya-Otis eremuko hirigintza planari buruz hitz egin du alkateak. Irailerako proiektuari behin-behineko onarpena emango diotela esan du, eta legegintzaldia bukatu baino lehen izango dela behin betiko onarpena.

