Datozen egunetan irekiko dute Anoetako estadio txiki berritua
Anoetako estadio txiki berriaren simulazioa.Donostia Kirola Prest dago Anoetako estadio txiki berritua, eta datozen egunetan irekiko dutela baieztatu du Jon Insausti alkateak, Tokiko Gobernu Batzorde osteko agerraldian. “Ekaina bukatu baino lehen prest egongo da. Lizentzia batzuk falta dira, erremate batzuk, baina horretan lanean dabiltza udaleko teknikariak”, adierazi du alkateak.
Hobekuntza ugari egin dituzte estadio txikian. Esaterako, atletismoko pisten zoladura berritu dute, belar naturaleko azalera birdimentsionatu dute —errugbi zelaiak guztira 113 x 70 metroko belar naturala izango du, homologazio araudiaren arabera—, lehiaketak birkokatu dituzte aldi berean egin ahal izateko —luzera, hirukoitza, pisua, mailua, diskoa, xabalina, …—, estalki berria jarri diote, eta gimnasioak zein aldagelak berritu dituzte.
Harmailari dagokionez, 1.298 lagunentzako edukiera izango du, eta horietatik 26 mugikortasun murriztua dutenentzako izango dira.

