Egiako bizilagunak «kokoteraino» daude auzoko irisgarritasun arazoekin
Plaza Berrian elkarretaratu dira Karmengo Ama eta Ametzagaña kaleak lotzen dituen eskaileretan igogailu bat jar dezaten eskatzeko.
Egia Bizirik auzo elkartearen elkarretaratzea, Plaza Berrian.Inaxio Esnaola Aranzadi Egia Bizirik auzo elkarteak kanpaina bat abiatu du aspaldiko eskaera bati ikusgarritasuna emateko. Izan ere, lau urte daramatzate Donostiako Udalari igogailu konkretu bat jartzeko eskatzen: Karmengo Ama eta Ametzagaña kaleak lotuko lituzkeena, Kata taberna dagoen kalexkan. Leku horretan dauden eskailerak ez dira irisgarriak, eta horren ondorioz, mugikortasun arazoak eta zailtasunak sortzen dizkiete hainbat auzotarrei. Hain zuzen ere, bideo bat osatu dute oztopoak dituzten auzotarren testigantzekin.
Horrekin batera, auzo elkarteak elkarretaratze bat egin zuen atzo arratsaldean Plaza Berrian, Egiako Azoka Txikiaren eguna zela aprobetxatuz. Kokoteraino gaude. Katako kalezuloko igogailua orain!!! lelopean, hainbat auzotarrek bat egin zuten protestarekin. Auzo elkartearen ustez, “igogailurik merkeena eta egiteko errazena” da eskatzen dutena. Udalak, ordea, 2017tik hainbat igogailu ditu aurreikusita Aldakonean, Konkorrenean eta Jai Alain, “baina ez dute ezer egin”. Egia esan, aurkeztu berri den Aldakonea eremuko plan berrian, bi igogailu berri egingo dituztela iragarri dute, baina Kutxa Fundazioa arduratuko da horietaz.
Bestalde, udal taldeekin bilerak egiten hasi dira. EH Bildurekin egin dute lehendabizikoa, eta laster elkartuko dira sozialistekin. “Gure helburua da Egiako irisgarritasuna lehentasunezko gai bihurtzea eta auzoak aspalditik egiten duen eskaerari erantzun argia ematea”, adierazi du auzo elkarteak.

Ametzagaña eta Karmenago Ama kaleen arteko gune honetan igogailua jartzea nahi dute.Nagore Garmendia
Sinadurak eta parodia
Esan moduan, aspaldiko eskaera da Kata taberna dagoen kalexkako igogailuarena. 2022ko udaberrian, sinadura bilketa bat egin zuten auzoan, eta 1.000 baino gehiago erregistratu zituzten udaletxean. Ordea, ez zuten udalaren erantzunik jaso. Iaz, Bizipoza jaialdiaren egunean, parodia bat egin zuten; igogailuaren inaugurazio ekitaldia, alkatearen presentziarekin. Noski, ez zen agertu. Aldiz, auzotar asko elkartu ziren, eta argazkiak atera zituzten igogailua jartzeko eskaerarekin.
Orain, “benetako igogailua” nahi dutela nabarmendu du Egia Bizirik-ek, “erraza, merkea, eta, batez ere, beharrezkoa” delako.

