Udaltzaingoak eta suhiltzaileek amarralekua izango dute kirol portuan badiako segurtasuna hobetzeko
Donostiako kirol portua. Donostiako Udalaren eta Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakundearen arteko hitzarmenari esker, Udaltzaingoak eta suhiltzaileek ontzi batentzako amarralekua izango dute kirol portuan. Horrela, badiako zaintza lanak hobetu ahal izango dituzte. Era berean, bi aldeek koordinazioa eta eraginkortasuna hobetzeko sortzen diren batzordeetan parte hartzea adostu dute.
Zodiac motako ontzi pneumatikoarentzako amarraleku bat izango dute. Ibilgailu hori erabiliko dute igeriketa probetan, estropadetan, Kontxako badian bainulariak erreskatatzeko operazioetan eta, oro har, Kontxako badiaren eta Urumea ibaiaren bokalean segurtasuna kontrolatu eta bermatzearekin zerikusia duten jardueretan.
“Akordio honek agerian uzten du zein garrantzitsua den erakundeen arteko lankidetza herritarrentzako zerbitzuak hobetzeko, kasu honetan segurtasunarena badia bezalako leku garrantzitsu batean”, nabarmendu du Jon Insausti alkateak.
100 udaltzain gehiago
Alkateak duela egun batzuk iragarri moduan, udan 100 udaltzain gehiago izango dira Donostiako kaleetan, “segurtasuna, ordena eta bizikidetza bermatzeko”. Batez ere, fluxu gehien ematen diren lekuetan ibiliko dira, “kostako lerroan eta autobus geltokian”.
Bestalde, Udaltzaingoak lau patruila auto berri izango ditu, renting sistemaren bidezkoa. 66.792 euroko aurrekontua zehaztu du horretarako, eta ibilgailuak bost urtez erabili ahal izango dituzte. Erabaki honek, Udaltzaingoaren patruila ibilgailuen flota berritzeko eta handitzeko beharrari erantzuten dio, eta, aldi berean, ingurumen inpaktu negatiboa murrizten laguntzen du.

