Gipuzkoa Basket klubak 25 urte bete ditu
Gipuzkoa Basket klubaren hastapena, 2001ean. Gipuzkoa Basket Gaurko egunez, duela 25 urte, Donostiako Gipuzkoa Basket kluba sortu zuten. Miguel Santos kirolarien ordezkariak eta Gipuzkoako erakunde publikoek sustatu zuten, Donostia eta Gipuzkoa estatuko saskibaloiaren mapan kokatzeko. 25 urteotan askotariko deiturak izan ditu, hainbat babesletza izan dituztelako.
Bigarren LEB mailan abiatu zuen kirol ibilbidea, 2001-2002ko denboraldian. Ordea, babesletza arrazoiengatik taldeak bi sasoiko etena egin behar izan zuen. Maila berean bueltatu zen Gipuzkoa Basket 2004-2005eko denboraldian, eta Lehen LEB mailara igotzea lortu zuten. Sasoi onari esker, kategoriako txapeldunak izan ziren 2005-2006ko denboraldian, eta ACB liga gorenera igo ziren historian lehen aldiz. Abentura hark gutxi iraun zuen, 2006-2007ko sasoian bertan jaitsi zirelako.
Ordea, 2007-2008ko denboraldian lortu zuten ACBra bueltatzea, eta luzaroan iraun zuten, pare bat aldiz jaitsi eta igo arren. 2011-2012ko sasoian lortu zuten emaitzarik onena, liga erregularra bosgarren tokian bukatu zutelako.
Azkenik, 2020-2021eko denboraldian jaitsi ziren Urrezko LEB mailara, Espainiako bigarren kategoria, eta gaur egun Lehen FEB gisa ezagutzen dena. Azken bost denboraldiak kategoria honetan egin dituzte.
“Gipuzkoako erreferente”
Klubak nabarmendu duenez, Gipuzkoa Basketek “esfortzu, ilusio eta milaka lagunen babesarekin”, Gipuzkoako saskibaloiaren “erreferentzia bihurtzea” lortu du: “Une handiko 25 urte izan dira. Igoerak, partida ahaztezinak, oroitzapenerako saskiratzeak, pozak, ikaskuntzak eta, batez ere, klub honetan sinesteari utzi ez dion zaletasuna”.
Hori guztia bidean parte hartu duten pertsona guztiei esker izan dela gaineratu dute: “Jokalariak, entrenatzaileak, langileak, babesleak, erakundeak, boluntarioak eta, bereziki, gure abonatuak eta zaleak. Eskerrik asko beti hor egoteagatik, urrats bakoitzean gurekin egoteagatik eta proiektu hau saskibaloi talde bat baino askoz handiagoa egiteagatik”.
25. urteurrena ospatzeko ekitaldirik iragarri ez badute ere, gogoratu behar da datorren denboralditik aurrera Askatuak Gipuzkoa izango dela klubaren deitura berria. Izan ere, Askatuak eta Gipuzkoa Basket saskibaloi klubek indarrak batu dituzte.

