Donostiako traineruak Euskal Herritik urrun hasiko dira arraunean
Euskotren eta Eusko Label ligak ekainaren 28an abiatuko dira Buitrago del Lozoyan (Madril, Espainia). Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarrako bi ontziak prest daude lehiarako.
Donostia Arraun Lagunak-ek irabazi zuen iazko Euskotren liga.Aitor Arrizabalaga Kantauri itsasotik milaka kilometrotara hasiko dira arraunean Donostiako hiru traineruak. Jardunaldi bakarreko asteburuarekin abiatuko dira Euskotren eta Eusko Label ligak, Espainian, Madrilgo Buitrago del Lozoya herriko aintzira batean. Txapelketen aroa gaindituta, liga erregularrei ekiteko gertu daude Donostia Arraun Lagunak —Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazita— eta Donostiarraren emakumezkoen zein gizonezkoen ontziak.
Emakumezkoen Euskotren ligan, hamazazpi estropada jokatuko dituzte —igoerak zein jaitsierak argituko dituzten beste biak aintzak hartu gabe—. Zortzi traineru ariko dira nor baino nor, eta tartean dira Donostiako bi ordezkariak.
Donostia Arraun Lagunak bosgarren liga irabazteko hautagai nagusia da, eta laugarrena jarraian eskura dezakete. Hogeita bat arraunlariko taldea osatu dute, hainbat joan-etorrirekin; seik utzi dute eta zazpik bat egin dute ontziarekin. Hauek dira arraunlariak: Nagore Osoro, Ane Sanchez —donostiarra–, Marcia Rosalia Larrea, Xubane Uribarrena —donostiarra—, Naiara Martin —donostiarra—, Nerea Agirrezabal, Aiora Belartieta, Ania Perez, Lucia Canal —donostiarra—, Lorea Etxabe, Zuberoa Egurrola, Beatriz Piñeiro, Maider Bereau, Jule Arkotxa, Eider Uribarrena, Amaia Eguren, Maren Etxabe, Naroa Landa —donostiarra—, Maddi Azpiroz, Daria Perez eta Itxaso Alonso. Horrenbeste lorpen eman dizkien Juan Mari Etxabe entrenatzailearen aginduetara ariko dira.
Donostiarrako neskak, berriz, iazko estutasunak saihesten ahaleginduko dira. Izan ere, jaisteko arriskuan izan ziren, baina kanporaketetan mailari eutsi zioten. Hamazazpi arraunlariko eskifaia osatu dute, aldaketa askorekin; bederatzik utzi dute, eta bost fitxatu dituzte. Hauek dira arraunlariak: Iraide Martin —donostiarra—, Irati Mercader —donostiarra—, Nicole Maroño, Laia Arambarri, Alba Perez, Celia Dominguez, June Balda, Elene Mikeo —donostiarra—, Irati Unanue —donostiarra—, Arbil Telletxea, Irati Etxebeste —donostiarra—, Enara Arruti, Malen Galarraga —donostiarra—, Marina Otegi —donostiarra—, Carlota Gonzalez, Cecilia Fernandez eta Paula Iglesias. Aldiz, entrenatzaile lanetan Ibon Urbieta ariko da.
Gizonezkoen Eusko Label ligan, berriz, hogeita bat estropada jokatuko dituzte —igoerak zein jaitsierak argituko dituzten beste biak aintzak hartu gabe—. Hamabi traineru izango dira lehian, eta horietako bat izango da Donostiako ordezkari bakarra.
Donostiarrako mutilek lehia polita eta estua izan dute txapelketetan Oriorekin, baina beti atzetik geratu dira. Ligan aurrea hartzeko hainbat aukera izango dituzte. Hogeita bi arraunlariko taldea dute, zenbait joan-etorrirekin osaturikoa; lauk utzi dute, eta zazpik bat egin dute. Hauek dira arraunlariak: Ander Balda, Joanes Balentziaga, Asier Carballeda, Arkaitz Diaz —donostiarra—, Igor Frances —donostiarra—, Luis Manuel Gonzalez, Iker Imaz, Jon Iruretagoiena, Peru Jauregi —donostiarra—, Jaime Lara, Joxe Leibar, Endika Lopez, Unai Loiarte, Marcos Medina —donostiarra—, Aitor Murgiondo —donostiarra—, Xabat Olaetxea, Xabat Pastor, Nicolas Rodriguez —donostiarra—, Javier Sayans, Cosme Tarrio, Aratz Tejedor eta Iñaki Urtubia.



