Donostia Arraun Lagunak-ek Madrilgo bandera astindu du
'Lugañenea' ontzia aise nagusitu da Buitrago del Lozoyako urtegian, eta Donostiarrako neskak azken postuan sailkatu dira. Gizonezkoak, berriz, hirugarren izan dira Oriok irabazitako estropadan.
Nagore Osoro Donostia Arraun Lagunak-eko patroia bandera astintzen, Buitrago del Loyozako urtegian. Aitor Arrizabalaga Euskal Herritik kanpo, ohikoa ez den arraun eremuan eta binakako erlojuaren kontrako saioan, abiatu ziren atzo Euskotren eta Eusko Label ligak. Buitrago del Lozoyako (Madril, Espainia) urtegian jokatu lehen jardunaldia, eta aurreikuspenak bete ziren.
Emakumezkoetan, Donostia Arraun Lagunak-ek eskuratu zuen denboraldiko lehen bandera, arraunlari taldearen indarra baliatuta. Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidente ezagunaren eskuetatik jaso zuten bandera. Bigarren txandan aritu zen Lugañenea ontzia, eta aise menderatu zituen Orio, Zumaia eta Tolosaldea, binaka jokaturiko erlojuaren kontrakoan. Aldiz, lehen txandan parte hartu zuten Donostiarrako neskek San Juan, Hibaika eta Astillero traineruekin batera, eta azken postuan bukatu zuten, irabazlearengandik minutu erdi baino gehiagora. Hortaz, Euskotren ligako bi ordezkari donostiarren hasiera zeharo desberdina izan da. Arraunek azken urteotako inertzia mantendu du, eta Donostiarrak dena du hobetzeko datorren jardunalditik aurrera.
Sailkapena
01. Donostia Arraun Lagunak 14:26,48
02. Orio 14:38,44 (+11,96)
03. Astillero 14:40,10 (+13,62)
04. San Juan 14;41,86 (+15,38)
05. Tolosaldea 14:42,26 (+15,78)
06. Hibaika 14:47,30 (+20,82)
07. Zumaia 14:56,86 (+30,38)
08. Donostiarra 14;57,76 (+31,28)
Gizonezkoetan, Donostiarrako mutilek estropada ona egin zuten arren, txapelketetan gertaturikoa errepikatu zen Eusko Label ligako lehen jardunaldian. Orio aurretik izan zuten, eta baita Zierbena ere, ehuneneko gutxi batzuengatik. Hirugarren txandan aritu zen Torrekua II ontzia, aipaturiko beste bi traineruekin eta Urdaibairekin. Irteera irregular baten ondorioz, Bermeokoak zigortu zituzten epaileek, beraz, lehiatik kanpo geratu ziren. Beste hiruek, ordea, agerian utzi zuten arraunlari talde indartsuenak dituztela. Horiek horrela, Donostiarrak ligan ibilbide ona egin dezakeela aurreikusi daiteke.
Sailkapena
01. Orio 19:40,52
02. Zierbena 19:48,38 (+7.86)
03. Donostiarra 19:48,42 (+7.90)
04. Bermeo-Urdaibai 20:05,22 (+24.70)
05. Getaria 20:06,78 (+26.26)
06. Hondarribia 20:08,50 (+27.98)
07. San Juan 20:15,08 (+34.56)
08. Ondarroa 20:15,96 (+35.44)
09. Santurtzi 20:24,18 (+43.66)
10. Lekittarra 20:26,74 (+46.22)
11. Chapela 20:30,72 (+50.20)
12. Ares 20:36,56 (+56.04)



