«Turismoan eta etxebizitzaren negozioan» oinarritutako hiri eredua salatu du Kontseilu Sozialistak
Jendetsua izan zen Donostiako Kontseilu Sozialistak antolatutako manifestazioa.Gedar Donostiako Kontseilu Sozialistak deituta, herritar ugari mobilizatu ziren larunbat eguerdian Donostian, “hiri eredu kapitalista” salatzeko. 12:00etan abiatu zen manifestazioa, Bulebarretik, eta hiriko erdiguneko kaleetan barrena, askotariko aldarrikapenak aireratu zituzten manifestariek.
Donostiako hiri eredua “turismoaren eta etxebizitzaren negozioan” oinarritzen dela salatu zuten sozialistek: “Hiri eredu kapitalistaz hitz egiten dugunean, burgesiaren neurrira eraikitako hiriez ari gara. Jabe handi eta enpresarien bizimodura egokitutako hiriak, haien poltsikoak betetzeko pentsatutakoak. Eredu honek ez die langile-klasearen beharrei erantzuten. Areago, etxebizitzaren prezioa dela-eta, milaka pertsona Donostiatik kanporatzen ditu”.
Halaber, erakunde publikoek etxebizitzaren eta turismoaren inguruan hartutako neurriak gogor kritikatu zituzten, izan ere, euren ustez, “zalantzarik gabe”, honakoa da neurrien helburua “Negozioa bermatzeko, jabeen eta enpresarien eskubideak babestea”.

