Urgulleko 'Jesusen Bihotza' monumentuaren historia, Javier Sadaren eskutik
Urgulleko 'Jesusen Bihotza' eskulturak 75 urte bete zituen 2025ean, eta, urteurrenaren bueltan, monumentuaren historia jaso du Javier Sada hiriko kronikariak. Estatuaren jatorri frankistaren inguruko zenbait aipamen egin zituzten aurkezpenean.
San Jeronimo kaleko Udal Liburutegi Nagusiko kriptan aurkeztu zuten Javier Sadak Urgulleko 'Jesusen Bihotza' monumentuaren inguruan idatzitako liburua. Jon Insausti alkatea, Sada bera, Fernando Prado Ayuso gotzaina eta Javier Ganuza Jesusen Bihotzaren Lagunen elkarteko presidentea egon ziren aurkezpenean.Beñat Parra Jesusen Bihotzaren Monumentua Urgull mendian. Bedeinkapenaren 75. urteurrena. 1950-2025 liburua ondu du Javier Sada Anguera egileak —bere 111. liburua da—, Urgulleko eta Motako Jesusen eta Kristo Santuaren Bihotzaren Monumentuaren Lagunen elkarteak 2025ean eskatuta, monumentuaren 75. urteurrenean; elkarte horrek argitaratu du lana, elebitan, Donostia Kultura udal erakundearen babesarekin. Astearte arratsaldean aurkeztu zuten liburua, Udal Liburutegi Nagusiko San Jeronimo kaleko kriptan, Sadaren beraren, elkarteko presidente Javier Ganuzaren, Jon Insausti alkatearen eta Fernando Prado Ayuso Donostiako gotzainaren parte hartzearekin; Insaustik laneko agurra idatzi du eta Pradok hitzaurrea.
Alkatea izan zen hitza hartzen lehena, eta adierazi zuen monumentuaren 75. urteurrena “borobiltzeko” modu ezin hobea dela Sadaren lana, besteak beste, hiriko “artxibo gisa” gelditzen delako. Agurra “bere begiradatik” idatzi duela azaldu zuen, “Parte Zaharretik gora begiratu, eta beti hor ikusi izan dudan zerbait da Jesusen Bihotza; begirada horretatik idatzi dut”. “Belaunaldiak pasatzen dira eta monumentuak hor jarraitzen du”, gaineratu zuen: “Etorkizunera begira jartzen gaitu, sortzen dizkigun galderekin eta jakin-minarekin; baina iraganera begira ere jartzen gaitu, liburu honen bitartez, bere jatorrira joz”.
Ekitaldira berandu heldu zen Prado izan zen hitza hartzen hurrengoa, eta nabarmendu zuen “Donostia eta Gipuzkoa osorako” monumentu bat dela Urgulleko Jesusen Bihotza: “Donostiako katoliko askoren errukia biltzen du”. Azken hamarkadotan, behin baino gehiagotan salatu izan dute Donostiako herritar eta eragile ugarik monumentuaren jatorria frankista dela —azkenekoz, iaz, horixe egin zuen Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko Sinbologia Lantaldeak—, eta horren inguruan ere mintzatu zen gotzaina: “Polemikak olatuen modukoak dira, badoaz eta badatoz. Agian, besteren bat etorriko da etorkizunean, gizarte sekularizatu batean, galdegingo duena zer egiten duen horrek hor. Momentuz, datuek diote donostiar gehienek euren burua katolikotzat dutela, behintzat tradizioz”.

San Jeronimo kaleko Udal Liburutegi Nagusiko kriptan aurkeztu zuten Javier Sadak Urgulleko ‘Jesusen Bihotza’ monumentuaren inguruan idatzitako liburua.Beñat Parra
Sada, lekuko
Insaustiren eta Pradoren ostean hartu zuen hitza Sadak, “kronikariak”. Hala definitu zuen bere burua ekitaldiaren amaieran, hain zuzen ere: “Ez naiz historialaria, kronikaria naiz”. “Nire liburuetan, ez dago adjektiborik, ez dut analizatzen, gertatu zena kontatzen dut eta kito”, gaineratu zuen. Hortik harago, gogoratu zuen Jesusen Bihotza-ren inaugurazioaren lekuko izan zela, haurra zela, 1950eko azaroko “egun euritsu batean”. Era berean, bitxikeria gisa, bertako kaperan ezkondu zela gogoratu zuen autoreak: “Uda zen, Franco hirian zegoen, eta bi guardia zibil topatu genituen kaperako atean, metraileta banarekin. Ez zen ezer pasatu, baina anekdota bitxia da”.
Estatuaren inguruko historian murgilduz, azaldu zuenez, “hasieratik” egon ziren eskulturaren inguruko polemikak: “Paguaga alkateak [frankismo garaiko lehenengo alkateak] jendaurrean esan zuen udalak lehenengo 100.000 pezetak jarriko zituela, baina, gero, ez ziren ados jartzen monumentua jartzeko lekuaren inguruan: Ulian, Mendizorrotzen, Artzain Onaren katedralaren plazan…”. Sadak kontatu zuenez, azkenean, gotzainaren etxean bildu ziren garaiko agintariak eta gotzainak esan zuen: “Hemen nork agintzen du? Nik! Bada, Urgullen egingo dugu”. Eta halaxe egin zuten.

San Jeronimo kaleko Udal Liburutegi Nagusiko kriptan aurkeztu zuten Javier Sadak Urgulleko ‘Jesusen Bihotza’ monumentuaren inguruan idatzitako liburua.Beñat Parra
Jesusen Bihotzaren omenezko monumentu bat Donostian eraikitzeko “1924tik” zetorrela gogoratu zuen Sadak, frankismo garaian berraktibatu eta egikaritu zutela aitortzearekin batera. Hain zuzen ere, besteak beste, honakoa dio udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko Sinbologia Lantaldeak bere salaketa egiteko iaz aurkeztutako garaiko dokumentazioak: “Gurutzada Nazionaleko martirien uko egite heroikoa adierazpen handi batean betikotu nahi duen ekimena, aldi berean altxamenduaren espiritu funtsean erlijioso mugikor guztia jasoz, bi aldiz sinpatikoa da; izan ere, idazkian adierazten den bezala, ideia bati forma eta arnasa ematen dio, alkateak udaletxeko balkoietatik aldarrikatutako asmo bati”. Era berean Pedro Muguruza arkitektoarena da Urgulleko Jesusen Bihotza, erregimen frankistarentzat beste hainbat lan entzutetsu egin zituenarenak.
Sadak nabarmendu zuen “ulertzen” dituela polemikak eta estatuaren jatorriaren inguruko eztabaidak. Era berean, adierazi zuen, ikerketa sakona egin ostean, bere ustez, monumentua ez dela frankista bere horretan. Nagusiki, sistematikoki ez zelako baimendu bertan inolako ekitaldi politikorik egitea eta ez dagoelako plaka edo bestelako oroigarri frankistarik: “Handik gertu zegoen, besteak beste, Falangearen eskola bat, eta, sistematikoki, Zuloaga plazako gurutzera edo Pasealeku Berriko ermitara bidaltzen zituzten ekitaldi politikoak egitera”.

