Añorgan etxegabetuak izatekoak ziren herritarrek alternatiba bat lortu dute
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, auzo asanblada egin zuten ostegunean auzoan, ostiralerako aurreikusita zegoen etxegabetzearen inguruan.Etxebizitza Sindikatu Sozialista Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, Añorgako bizilagun batzuk etxegabetzekoak ziren ostiral honetan (hilak 3), eta, etxegabetzea gelditzeko, hara joatekoak ziren sindikatuko kideak. Sindikatuak azaldu duenez, ordea, etxegabetuak izatekoak ziren bi familiek bizitegi alternatibak eskuratu dituzte, eta, beraz, bertan behera utzi dituzte deialdi guztiak.
“Familia horiek, adin txikiko kideak tarteko, gaur, ostirala, etxegabetze agindua zuten eta azken unera arte alternatiba baten bila egon dira Etxebizitza Sindikatuarekin batera”, azaldu du sindikatuak. “Familietako bat ezagun baten etxera joan da egonkortasun bila, eta bestearentzat alternatiba lortu dutela adierazi du sindikatuak”, gaineratu du antolakundeak, baita nabarmendu ere antolatuko izan ez balira, “kalean” geldituko zirela.
Azpierrenta ugaritzen
“Azpierrentan” bizi ziren familia horiek, eta horrek oso egoera zaurgarrian uzten zituen: “Horrelako kasuak hedatzen ari dira. Eta gero eta gehiago dira hori onartzearen edo kalean bizitzearen artean aukeratu behar dutenak”.
“Etxebizitzaren negozioa handitzen eta prezioak igotzen doazen heinean, langile klaseko sektoreen pobretzea sakontzen joango da”, gaineratu du sindikatuak. Hain zuzen ere, testuinguru horretan kokatu du Añorgako etxegabetzea, baita azpierrenta kasuen igoera eta ikasturte honetan kalean bizi ziren lau pertsonen heriotza“.
“Gaurkoan bi familia alternatibarik gabe gelditzea ekidin da, baina, borroka ez da bertan amaitzen”, adierazi dute sindikatukoek. Era berean, “etxegabetze kopuruak gora doaz Donostian, izan prozesu juridikoen bidez ematen direlako eta etxebizitzaren negozioaren ondorio etxea utzi behar dutelako”, gaineratu dute. Horregatik, “etxebizitzarekin negozio egiten duten enpresari zein etxejabeen aurrean antolatzeko eta etxegabetze guztiak gelditzeko borrokara batzeko” deia egin du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.

