Bizkaiko uretan jokatuko da lehen jardunaldi bikoitza
Bilbon eta Zierbenan izango dira Euskal Herriko lehen estropadak, bihar eta etzi. Donostia Arraun Lagunak lidergoari eusten saiatuko da, eta Donostiarrako mutilak ezustekoa ematen.
Donostia Arraun Lagunak ziaboga hartzen, Madrilgo estropadan.Aitor Arrizabalaga Euskotren eta Eusko Label ligak normaltasunera bueltatuko dira, asteburuan. Madrilgo urtegiko estreinaldiaren ondoren, bihar Bilbon —17:20 neskak eta 18:40 mutilak—, eta etzi Zierbenan —11:25 neskak eta 12:21 mutilak— ariko dira bi ligetako traineruak. Bizkaiko hiriburuko lehia itsasadarrean izango da, eta banaka ariko dira ontziak erlojuaren kontra. Zierbenakoa, berriz, itsasoan izango da.
Donostiako hiru ordezkariek helburu desberdinak izango dituzte aurreneko jardunaldi bikoitzerako. Emakumezkoetan, Donostia Arraun Lagunak-ek Euskotren ligako lidergoa sendotzeko aukera izango du. Buitrago del Lozoyan irabazi eta indar erakustaldia eman ondoren, bestelako estropada eremuetan ere onenak direla erakutsi beharko dute. Donostiarrako neskek, berriz, oso bestelako helburua izango dute; Madrilgoa ez errepikatzea. Azken postuan geratu ziren, gainerako ontziengandik nahiko urrun. Pasatakoa ahaztu eta hobera egitea dagokie. Hemen ikus dezakezue Euskotren ligako sailkapena.
Gizonezkoetan, Donostiarrako mutilek denboraldi hasiera paregabea berretsi beharko dute. Madrilen Eusko Label ligako hiru onenen artean izan ziren, Orio irabazlearen eta Zierbena bigarrenaren maila paretsuan. Beraz, bestelako bi estropada dituzte bi horiei aurrea hartu eta sasoiko lehen bandera astintzeko. Gaitasuna dutela erakutsi dute dagoeneko. Hemen ikus dezakezue Eusko Label ligako sailkapena.


