Brais Mendez AEBetara doa, Realari agur esanda
Brais Mendez txuri-urdinez jantzita, partida batean.Reala Esperotakoa izan arren, harrigarria da Brais Mendezek harturiko erabakia, Realaren onespenarekin. Txuri-urdin gisa lau denboraldi egin ondoren, Donostia utzi eta Ohiora (AEB) doa, MLS ligako Columbus Crew Soccer Clubera.
Erdilari galiziarrak 29 urte ditu, kalitatea du eta esanguratsua da kirol ibilbideari jarraipena emateko hautatu duen lekua. Realak sei milioi euro jasoko ditu Mendezengatik, kostatu zuenaren erdia baino gutxiago. Akordioa jokalariak errekonozimendu medikua gainditu eta lan baimena lortzearen baldintzapean dago.
Pasa den sasoian, Pellegrino Matarazzo entrenatzailearekin minutu gutxiago jokatu eta garrantzia apalagoa izan ondoren, Reala uztea erabaki du. Gogoratu behar da iazko udan ere joatear izan zela, baina Saudi Arabiara. Ordea, alde guztiak ez ziren ados jarri. Baliteke horrek haren pasa den denboraldiko errendimendu baxuagoan eragin izana.
2022ko udan ekarri zuen Realak galiziarra Celtatik. Ordutik aurrera, 166 partida ofizial jokatu ditu txuri-urdinekin, eta 33 gol egin ditu ligan, kopan eta Txapeldunen Ligan. “Denbora horretan guztian maila aparta eman du, eta azken urteotako arrakasten protagonista nagusietakoa izan da. Iritsi bezain pronto bere arrastoa utzi zuen. Gogoan geratuko dira Txapeldunen Ligan emandako, bere magia eta gutxi batzuen esku baino ez dagoen azken pase berezi horiek”, nabarmendu du Realak.

