Zeroak, batak eta...
Zer ikusten duzu irudiko lainoan? Bihotz baten alde egingo dut nik. Ziur aski, oraintsu, maitasun gutun bat jaso dudalako. Zeroak eta batak erruz ditu, baina ez da kode binarioa; artea, jolasa eta irudimena, baizik.
Noiz utzi nion hodeietan formak antzematen saiatzeari? Eta gutunak idazteari? Uda garaiko postal haiek —gertu edo urruti— ez zegoenari presente bazegoela esateko… Berreskuratu beharko nituzke.
Nori bidali, ordea? Zeru horri begiratzen dion kaleko txoko batean bizi denari, inguruan topatzen ez duen beroa nabari dezan? Haren aurretik pasatzean, begiak urdin zabalerantz jarrita ezinegona uxatzen saiatzen denari? Mezu baten bila dabilenari? Ala barkamena goitik jausteko zain dagoenari?
Nork behar du gehien? Nork merezi? «Gutxien merezi dudanean maita nazazu, gehien beharko dudanean izango baita». Esaera zaharrak ez dit erantzunik ematen.
Hortaz? Hauxe bidaliko diet gutun hura eman zidanari eta, berak bezala, esku berarekin norberari heldu eta besteari euts daitekeela irakatsi didatenei; baita behar zuten pentsatu gabe hura luzatu ez diedanei ere, eta —zergatik ez?— merezita (edo ez) ukatu diedanei.
Beraiek erabaki dezatela hor goian zer dagoen.
01101111 01110000 01101111 01110010 00100000 01101111 01101110 –Opor on—.

