Amara Berriko azken sexu erasoa salatu du Itaiak: «Indarkeria matxistaren aurka borrokatzea dagokigu»
Olaeta plazan mobilizatu ziren Itaiako kideak ostiral arratsaldean.Itaia Ertzaintzak 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuen joan den asteartean Donostian, Amara Berriko gozoki denda batean adingabe bati sexu erasoa egitea leporatuta. Horren aurrean, Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak deituta, hainbat herritarrek elkarretaratzea egin zuten ostiral arratsaldean auzoko Olaeta plazan, sexu erasoa salatzeko. “Egoera gehiago larritzen du lehenengo aldia ez dela jakiteak; izan ere, gazte honek kasu antzekoengatik aurrekariak izanda ere, inpunitate osoz jardun du, beste behin”, deitoratu zuen Itaiak.
Horrela, “indarkeria matxistaren aurkako borroka indartzera” deitu zuten: “Matxismoa ukatzen duten diskurtso erreakzionarioei aurre egiteko beharra azpimarratu nahi dugu: indarkeria matxistaren normalizazioa dakarrelako eta ondorioz, erasotzaileen inpunitatea areagotzen duelako: momentua da matxismoa asmakizun ideologikoa dela dioenari erantzuteko, momentua da gure inguruan gertatzen diren erasoetan aurpegia eman eta erasotzaileei aurre egiteko, momentua da matxismoaren aurka kaleak hartzeko”.
Era berean, azken asteotan Donostian izandako beste sexu eraso eta gertakari batzuk ekarri zituzten hizpidera: “Soilik ekainean zehar, Egian emakume bat bortxatu zuten eta Antiguan trata sare ilegal bat atzeman zuten. Gainera, aurreko urteko urrian, prostituzio etxe bat atzeman zuten gure auzoan [Amara Berrin], non gutxienez bost emakume prostituitzera behartzen zituzten. Matxismoaren normalizazioak eraso matxisten gorakada nabarmena dakar eta Donostian ere argi ikusten ari gara”.
Horregatik, “babesa antolatu eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzea dagokigu”, gaineratu zuten: “Ezinbestekoa da indarkeria matxistaren aurka posizionatzea, eraso bakoitzari aurre eginez eta horien aurka kaleak hartuz”.

