Donostia Arraun Lagunak estropada eremu guztietan da azkarrena
Bilbon eta Zierbenan ere irabazita, 'Lugañenea' ontziak lidergoa sendotu du. Donostiarrako neskek hobera egin zuten atzo, eta mutilak ez dira ondo aritu asteburuan.
Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlariak Zierbenako garaipena ospatzen.Aitor Arrizabalaga Bizkaiko uretan jokatu dira Euskotren eta Eusko Label ligetako asteburuko bi jardunaldiak. Ezustekoak izan dira, baina traineru guztien artetik hutsik egin ez duen bakarra Donostia Arraun Lagunak da. Hirutik hiru irabazi dituzte, eta estropada eremu guztietan azkarrenak direla erakutsi dute.
Larunbatean, Bilbon aritu ziren Euskotren ligako zortzi traineruak, eta erlojuaren kontrako saioa izan zuten. Arraunek Madrilgo nagusitasun bera erakutsi zuen itsasadarrean, ur bareetan, eta Tolosaldea bigarren sailkatuari sei segundo atera zizkioten. Hibaika izan zen hirugarrena eta Orio laugarrena. Donostiarrako neskak, berriz, azken postuan sailkatu ziren, nahiz eta Astilleroren eta San Juanen antzeko denbora egin.
Atzo, berriz, Zierbenako itsas eremuan neurtu zituzten indarrak, eta lehia estuagoa izan zen. Arraunek gertuago izan zuen Tolosaldea une batzuetan, baina bukaeran, berriz ere, sei segundoko aldea atera zieten gipuzkoarrei. Astillero izan zen hirugarren eta San Juan laugarren, bezperako emaitza apalagoari buelta eman. Aldiz, Donostiarrako neskek orain arteko estropada onena jokatu zuten, eta seigarren denbora egin zuten. Ezustekoa, berriz, Oriok eman zuen, azken postuan sailkatu zirelako.
Sailkapen nagusian, Arraunek errenta polita hartu du hiru estropada jokatuta. Lugañenea ontziak 24 puntu ditu, Tolosaldeak baino sei gehiago. Donostiarra zortzigarren eta azken tokian dago bost punturekin.
Atzean geratu dira
Donostiarrako mutilek ez dute asteburu ona izan, bi estropadetan atzean geratu zirelako. Madrilen eta txapelketetan erakutsitako mailaren ondoren, nahi eta ezin ibili ziren Bizkaiko uretan. Larunbatean, Bilbon, laugarren izan ziren Urdaibai irabazlearen, Orioren eta Zierbenaren atzetik. Atzo, berriz, onenengandik urrun geratu ziren Zierbenan. Bederatzigarren postuan bukatu zuten, ohorezko txandan makal aritu ostean.
Sailkapen nagusian, goiko postuetatik pixka bat atzeratu dira. Orain, bosgarren postuan daude 23 punturekin. Aldiz, Orio da liderra 35 punturekin.

