Donostia Munduko Futbol Koparen egoitza izatearen inguruko «eztabaida gardena eta zintzoa» eskatu du Bizilagunekinek
Bizilagunekin plataformak donostiarrak "ahotsa altxatzera" deitu ditu, "2030eko Munduko Futbol Kopa Donostian jokatzearen aurka": "Ez dugu gure aurkako golik ospatuko".
Munduko Futbol Txapelketa Donostian jokatzearen aurkako pankarta bat, Anoetan.Bizilagunekin 2026ko gizonezkoen Munduko Futbol Kopa jokatzen ari den honetan, hurrengoaren inguruko oharra plazaratu du Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataformak, mezu argi batekin: “Ez 2030eko Mundiala Donostian jokatzeari. Bai desazkunde turistikoari”. Izan ere, 2030eko Munduko Futbol Kopa Espainiak, Portugalek eta Marokok elkarrekin antolatuko dute, eta baliteke Donostia izatea egoitzetako bat.
Bizilagunekin plataforma, ordea, hiriko beste hainbat eragilerekin batera, hasieratik agertu da horren aurka: “Donostiak turistifikazio prozesu basatia bizi du, eta Munduko Futbol Kopa prozesu hori sakontzeko, bizkortzeko eta zuritzeko dispositibo erraldoia izango litzateke. Horregatik, hainbat auzo elkartek eta Bizilagunekin plataformak gutuna bidali genion FIFAri, erabakia atzera bota
zezan eskatzeko. Argi azaldu genuen ekitaldi honek turistifikazioa areagotuko lukeela, etxebizitza larrialdia okertuko lukeela, espazio publikoa interes komertzialen arabera eraldatuko lukeela eta herritarren eguneroko bizimodua baldintzatuko lukeela”.
“Erakunde publikoen aldetik, ordea, bizilagunen kezkei mespretxua eta eztabaida irekitzeari ukoa heldu ziren”, gogorarazi dute plataformako kideek. Hain zuzen ere, orduan Donostiako alkate zen Eneko Goiak esan zuen “ezezkoaren klubaren beste agerraldi bat” zela. Azkenaldian, aldiz, erakunde publikoetatik ere zalantzak azaleratu dira, Munduko Futbol Koparen egoitza izatearen harira, besteak beste, Jon Insausti alkatearen ahotik. “Bat-batean, orain bai, alde onak eta txarrak neurtu behar omen dira. Orain bai, kostuak aztertu behar omen dira. Orain bai, hiriaren ahalmena, mugak eta ondorioak kontuan hartu behar omen dira. Ongi etorriak turismoak dakarren oro onuragarria dela pentsatzen ez dugunon taldera. Baina ez dugu onartuko urte luzez hazkunde turistikoari alfonbra gorria zabaldu dutenek orain beren burua zuhurtziaren ordezkari gisa aurkeztea”, adierazi du Bizilagunekinek.
“Eztabaida gardena eta zintzoa”
Plataformako kideek argi dute: Donostian, Munduko Futbol Txapelketak egoera larriagotu egingo luke. Turista gehiago, presio handiagoa eta etxebizitza gehiago turismorako Donostian eta inguruko herrietan. Hiri espazioaren masifikazioa, okupazioa eta herritarren eguneroko bizimoduan blokeoa ekarriko lituzke. Kaleak, plazak, garraioa eta zerbitzu publikoak ekitaldi erraldoi baten beharretara egokituko lirateke. Erakunde publikoek dirua, azpiegiturak, langileak eta kudeaketa gaitasuna jarriko lituzkete txapelketaren eta bere bueltako negozioaren mesedetan”.
Horregatik, “eztabaida gardena eta zintzoa” eskatu du plataformak: “Ez itxurazkoa soilik, ez erakundeek eta turismo industriak aurrez erabakitako norabidea zuritzeko balioko duen eztabaida. Alde onak eta txarrak baloratu behar badira, etxebizitza larrialdia, prezioen igoera, masifikazioa, zarata, lan prekaritatea eta hiriaren elitizazioa jasaten dituen donostiarren gehiengoaren ikuspegitik baloratu behar dira. Turismo industriaren, eraikuntza enpresen eta higiezinen espekulatzaile interesak ezin dira herritarren gehiengoaren interes gisa aurkeztu”. Era berean, “gardentasun falta salatu du Bizilagunekinek: “Ez dakigu zenbat kostatuko litzatekeen. Ez dakigu zer tratu egin diren FIFArekin”.
Horrela, plataformak nabarmendu du ezin dela “ekitaldi bakoitzaren aurrean eztabaida hutsetik abiatu, aurretik ezer gertatu ez balitz bezala”, hiriak “gainturismoa” bizi duela iritzita: “Donostiak desazkunde turistikoaren norabidea hartu behar du”. Horregatik, donostiarrak “ahotsa altxatzera” deitu dituzte plataformako kideek, “2030eko Munduko Futbol Kopa Donostian jokatzearen aurka”: “Dei egiten diegu auzo elkarteetan, herri mugimenduetan eta bestelako antolakundeetan antola daitezen, hiri ereduaren aldaketa bultzatzeko eta desazkunde turistikoaren aldeko indarrak metatzeko. Ez dugu gure hiria gutxi batzuen negoziorako saltzen utziko. Ez dugu gure aurkako golik ospatuko”.

