Castron eta Orion ariko dira hiru traineru donostiarrak
Donostia Arraun Lagunak liderrak Euskotren ligako bostekoa izango du helburu. Donostiarrako bi ordezkariak, berriz, emaitza onak lortzen ahaleginduko dira.
'Lugañenea' trainerua, Zierbenako estropadan.Aitor Arrizabalaga Kantauri itsasoan jokatuko dira asteburuan, Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak. Bihar, Castron izango da laugarren jardunaldia —17:25ean emakumezkoak eta 18:21ean gizonezkoak—, eta Kantabriako denboraldiko estropada bakarra da. Etzi, berriz, Euskal Herrira bueltatuko dira ontziak, Orioko ohiko banderari aurre egiteko —11:25 emakumezkoak eta 12:21 gizonezkoak—, bosgarren jardunaldian.
Donostia Arraun Lagunak liderrak erronka polita du aurrez aurre, Euskotren ligako lehen bost banderak astintzeko aukera dutelako. Aurreko hiru jardunaldietan ontzi azkarrena izan ostean, asteburuan ere hautagai nagusiak izango dira. Tolosaldea da Lugañenea traineruaren mailatik gertuen dabilena, eta ezin da baztertu gipuzkoarrek ezustekoa ematea. Aldiz, Donostiarrako neskek Zierbenan lorturiko seigarren postuaren bidetik jarraitu behar dute, ontziak hobera egin zuelako. Sailkapeneko azken tokitik ihes egiteko bi estropada izango dira.
Donostiarrako mutilek, berriz, Madrilen erakutsitako sasoia berreskuratu beharko dute onenen txandara bueltatzeko. Orio, Urdaibai eta Zierbena lehiakide zuzenei Getaria ere batu zaie, eta, beraz, Torrekua II traineruak hobera egin beharko du itsasoan aipaturiko ontziekin parekatzeko. Une honetan, sailkapen orokorreko bosgarren tokian daude.


