Guardetxea omenduko dute kaiko karmenetan, jai giroan murgiltzeko
Uztaila aurrera doa, eta, horrekin batera, hastear dira kaiko Karmengo jaiak, ohiko legez, egitarau zabal batekin. Betiko jarduerei eutsi diete, baina zenbait berritasun ere badituzte aurten; besteak beste, itsasontzi batetik arituko dira bertsotan.
Kukaña da kaiko karmenetako jarduera arrakastatsuenetako bat.Joseba Parron San Sebastian Hori guztia antolatzeko lana, ordea, ez da makala, jai batzordeko kideak azaldu duenez: «Hamar bat pertsona gabiltza jai batzordean modu aktiboan, eta urritik daramagu jaiak antolatzeko bilerak egiten. Ez da erraza, hamar izanik, gauza asko egin behar ditugulako eta adostasunetara heldu behar dugulako gure artean, baita ere».
Jaien antolaketarako oztopo nagusia, ordea, erakunde publikoen aldetik dator, Muruak nabarmendu duenez: «Kaian izanik, udala ez ezik, Eusko Jaurlaritza ere sartzen da eskumenen kontuan, eta erabiltzen dugun lurzoruaren metro koadro bakoitzeko ordaindu behar dugu». Hori «dirutza» dela aitortu du, eta, gainera, Jaurlaritzaren «atzetik» ibili behar izan dutela: «Euren erantzuna ez da batere azkarra izan, eta horrek urduritasuna sortu digu». Hala ere, azkenean, jaiak behar bezala antolatzea lortu dute aurten ere: «Aurrera goaz».
Berritasunekin datoz
Jai batzordeak zenbait berritasun prestatu ditu aurtengo jaietarako. Alde batetik, ostiraleko Gazte Egunean, sagardo dastaketa egingo dute, estreinakoz: «Alde Zaharreko Gazte Asanbladaren eta jai batzordearen artean antolatu dugu, eta sagardo kupelak edukiko ditugu jai gunean», nabarmendu du Muruak.
Bestetik, larunbateko bertso saioa ere berritasuna da, izan ere, berezia izango da, jai batzordeko kidearen ustez: «Isturiz I itsasontzitik arituko dira bertsotan Peru Aiartza eta Andoitz Urdapilleta; polita izango da». Horrez gain, bere horretan berritasuna ez bada ere, bigarren urtez antolatu duten pilota txapelketa ere hizpidera ekarri du Muruak: «Jaien aurretik hasten da eta jaien asteburuan bertan bukatu, eta oso harrera ona izan du, aurten ere».
Bestalde, kontzertu eskaintza indartsua dute aurten Karmengo jaiek, eta, horren harira, musika taldeekin «eskertuta» agertu da jai batzordeko kidea: «Karmengo jaietan jo nahi dute, eta erraztasunak jartzen dizkigute». Era berean, ez dira faltatuko, noski, ohiko jarduera arrakastatsuak: kukaña, gazte bazkaria, danborrada eta abar.
Horrela, kaiko karmenak Donostiako auzoetako jairik jendetsuenetako bat direla eta, horrek jai batzordearentzat «lan karga are gehiago» suposatzen duela aitortu du Muruak, bereziki, protokoloak garatzerako orduan. Horregatik, auzotar eta donostiar oro jaietan parte hartzera animatu ditu, baina «errespetuz»: «Etorri ondo pasatzera, eta errespetatu jaiak aurrera ateratzeko lanean gabiltzanak!»

